Karasusan hartzea egotzita, deklaratzera deitu dituzte gaurko

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 2a, 09:02

Zazpi gazteak gaur (astelehena) goizean azaldu beharko dute epailearen aurrera

Gazte Problematika taldeak azaldu duenez, Udalaren etxebizitza politika salatzeko hartu zuten

2006ko uztailean urteetan hutsik zegoen Karasusan etxea hartu zuten herriko hainbat gaztek. Etxea Ertzaintzak hustu zuen eta orduan bederatzi gazte identifikatu zituen. Bederatzi gazte horiek deklaratzera deitu dituzte Azpeitiko epaitegira. Bik iaz, urtearen bukaeran, deklaratu zuten. Gainontzeko zazpi gazteak, berriz, gaur goizean azaldu beharko dute epailearen aurrera.

Gaztetxeko Gazte Problematika taldeko kideek azaldu dutenez, Karasusan etxea "sinbolikoki" hartu zuten. Horretarako arrazoi nagusia, Udal Gobernuak "etxebizitza politikan zuen jokaera interesatua" izan zen Gazte Problematika taldekoak diotenez, Udalaren jokaera horrek "gazteen emantzipazioa oztopatzen zuen".

Karasusan hartu zutenean bezalaxe, gaur egun ere alkate den Julian Eizmendiri honako galderak zuzendu dizkiote Gazte Problematikakoek: "Zergatik azpeitiarroi ez zaigu bermatu etxebizitza eskubide unibertsala? Interes partidistengatik? Pribatuengatik? Txapuzengatik?".

Galderak egiteaz gainera, "gai honi buruzko" bere iritzia argitara emateko eskatu dio Gaztetxeko etxebizitza lan taldeak.