Argia Saria, Erlo Telebistarentzat

uztarria.com - Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 31a, 13:01
Erlo Telebistako Iban Bengoetxea, Argia Saria jaso ondorengo hizketaldian (ERLO TELEBISTA)

Gure saltsan saioagatik eman diote, "etorkinen kulturak eremu intimoenetik, sukaldetik" erakusteagatik

2007ko urriaz geroztik ari da lanean Erlo, Zarauzko telebista eta Azpeitiko Kaito-ren bat-egitearen ondotik

Erlo telebistako Gure Saltsan saioak jaso du telebistari dagokion aurtengo Argia Saria. Etorkinak eta sukaldaritza uztartzen dituen programa da Gure saltsan eta 2008ko irailean hasi ziren ematen Erlo Telebistan. 2007ko urriaz geroztik ari da lanean Erlo, Zarauzko telebista eta Azpeitiko Kaito-ren bat-egitearen ondotik.

Argia aldizkariak urtero euskarazko komunikazioan egindako lana aitortzen duten sariak ematen ditu. 2009ko sari-banaketa ekitaldia atzo (ostirala) egin zuten, Lasarten. Erlo-koen saioa saritzeako arrazoietako bat "etorkinen kulturak eremu intimoenetik, sukaldetik" erakustea izan dela aipatu zuten Argia aldizkariko arduradunek.

Etorkin euskaldunak ezagutu

Gure Saltsan saioa kanpotik etorritako atzerritzar-etorkinekin eginiko euskarazko sukaldeko telebista saioa da. Bertan egindako platerak, atzerritar bakoitzaren herrialdekoak izaten dira, "eta gainera sukaldean aritze horrek pertsona hauen errealitatea hobeto ezagutzeko aukera eman digu: nola etorri diren, zergatik Euskal Herrira, nola ikasi duten euskaraz hitz egiten, nola integratu diren..." azaldu dute Erlo Telebistako lagunek.

Iban Bengoetxeak gidatu eta aurkezten du Gure Saltsan; edizio lanak Gorka Eizagirrek egiten ditu; eta kameralari-lanetan Urtzi Oteitza Kaito azpeitiarra, Sonia Alvarez eta Gorka Eizagirre aritzen dira.

Iban Bengoetxearen esanetan, "hasieran harridura" sorrarazi zion sariduna izango zela jakiteak, "erreakzionatu gabe gelditu nintzen". Dena den, azkar eman zion buelta egoerari eta atzo esker oneko hitzak egin zituen. "Guretzat babesa eta bultzada izan da nolabait", esan zuen Bengoetxeak.

Uztarria.com, 2005ean saritua

Atzo Erlo Telebistakoek jasotakoa ez da gure eskualdera iritsitako lehen Argia Saria.

Besteak beste, uztarria.com-ek ere jaso zuen berea, Sareko Argia Saria, Internet arloari dagokiona, 2005ean.