Bahiketa

Nahikari Izagirre Etxeberria (Azpeitiko gazte independentisten izenean) 2009ko urt. 29a, 18:01

Bi mila ehun eta laurogeita hamar egun. Hori da Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiar gazteak bahituta eman dituen egun kopurua. 2001eko martxoan bahitu zuen Aznarren gobernuak beste hainbat kiderekin batera, Haika izeneko gazte erakundean lan politikoa egiteagatik. Hain zuzen, Kafe atxilotu zuten eguna arte legala zen erakunde bateko partaide izateagatik. Hori da Kafek 6 urte espetxean egitearen arrazoia, gazte erakunde batean lan politikoa egitea. 4 urte pasa ostean aske utzi zuten, baina azken “bake prozesu” deiturikoa haustean berriro bahitu zuten, preso politikoak daudela aitortu zutelarik preso politikorik ez dagoela diotenek.

Baina bada kontu bat oso larria dela uste duguna. Bigarren atxiloketa hau PNVren ertzainek burutu zuten. PNVk Kafe eta beste hainbat gazte bahitu zituen etsaiak urruneko espetxeetara eraman eta bakartu zitzan. Nola uler daiteke hau? Nola uler daiteke herriko seme bat horrela bahitua izatea eta PNVk horren aurrean ezer ez egitea? Are gehiago, PNV izatea Kaferen bahiketa burutu zuena? Ez al dute hainbeste maite duten kondena hitza erabili behar Kaferen kasuan? Kondena hitzaz baliatuz alkatetza eskuratu duen Julian Eizmendik baditu egun batzuk Kaferen bahiketa kondenatzeko, baina ez du inoiz kondenatu eta jada ez dugu espero kondenatuko duenik. Honek erakusten digu PNV ez dagoela indarkeria guztien aurka, PNVk ez dituela indarkeria guztiak kondenatzen. Eta gainera, EiTBren bidez Kafe eta beste hainbaten egoera zergatik ezkutatu eta desitxuratzen dute? Zergatik deitu “ETAko preso” jakinaren gainean egon arren ez dela horrela? Zintzoki hitz eginda, ez dugu uste jeltzaleek azken aldian duten jarrera konponbidearen norabidean doanik. Ikusitakoak ikusita, badirudi gatazka dagoela aprobetxatuz botere postuak berreskuratu edo mantentzea dutela helburu.

Bestalde, gure babes eta besarkada handiena eman nahi diegu Kaferi eta Kaferekin batera kalera irtengo diren kideei, eta bereziki oraindik bahituta barruan jarraituko dutenei. Zuek izan zarete gure eredu eta zuen ekarpenagatik oraindik indartsu dago independentzia eta sozialismoaren alde borrokatzen duen gazteria. Belaunaldiz belaunaldi gure herriaren askapen borrokak etenik ez badu izan, zuek bezalako jendeagatik izan da.

Guzti honengatik dei egiten diegu eskualdeko herritar guztiei eta bereziki gazteei, parte har dezatela Kafek hainbeste merezi dituen ongi-etorri ekitaldietan. Bertan ikusiko garelakoan, gurea da garaipena!