Sexu aholkularitza zerbitzua on-line ere eskainiko du Udalak

Uztarria.eus 2009ko urt. 29a, 14:01
On-line zerbitzuaz gozatzeko Azpeitiko Udalaren webgunean sexologia zerbitzua jartzen duen ikonoan (argazkian) klikatu beharko da.

www.azpeitia.net webgune bidez galderak bidaltzeko aukera egongo da

Galderak ez dira web gunean publikatuko

Gazteentzat sexu aholkularitza zerbitzua bihar, ostirala, abiatuko da. Ekaina bitartean, hileko azken ostiraletan gazteen Informazio Bulegoan eskainiko da zerbitzua, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, eta bertan sexualitatean aditu den teknikari bat egongo da bertaratzen diren gazteen galdera eta kezkak argitzeko.

Bertatik bertarako zerbitzu horrez gain, gainera, on-line bidezkoa ere eskainiko da. www.azpeitia.net webgune bidez galderak bidaltzeko aukera egongo da, eta adituak jaso ahala erantzungo ditu. Zerbitzuaren pribazidadea bermatzeko, galderak ez dira publiko egingo, eta erantzunak galdera egin duenari soilik bidaliko zaizkio.