Otsailaren 13an hasiko da aurtengo Bertso Astea

Uztarria.eus 2009ko urt. 30a, 10:01

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako astean kantaldiak, herri arteko bertso lehiak eta bertso jaialdia izango dira

Aurtengo Bota Bertsoa lehiaketaren gaia Eta gero zer? da

Otsailean hasiko da 2009ko Bertso Astea. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako astean kantaldiak, herri arteko bertso lehiak, bazkariak eta hitzaldiak egingo dira, besteak beste.

Otsailaren 14an emango zaio hasiera aste bereziari. Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Eguna ospatuko dute eta egun horretarako, besteak beste, herri arteko lehia herriko tabernetan, bazkaria Gaztetxean eta Kupela taldearen saioa antolatu dituzte.

Otsailaren 18an, Zer da gai-jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz? hitzaldia eskainiko dute Unai Elizasuk eta Andoni Egañak, Azkoitiko Kultur Etxean. Astearekin amaitzeko, Erniarraitzek eta Urola Kostako Hitzak Bertso Jaialdia antolatu dute eta bertan Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Uxue Alberdi, Juan Joxe Eizmendi eta Jokin Egaña bertsolariak izango dira, besteak beste.

Otsailaren 27an, bertso zahar eta berrien kantaldiarekin emango zaio bukaera Bertso Asteari; Errezilgo Borondegin jatetxean egingo dute saioa, 20:00etan.

Bota bertsoa lehiaketa

Herritarrek Bertso Astean parte hartzeko aukera izango dute, Bota bertsoa ekimenaren eskutik. Aurtengo gaia Eta gero zer? da; gaiari buruzko bertsoa egin eta herriko tabernetan jarriko diren kutxetan bota edo erniarraitz@hotmail helbidera bidali beharko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, kutxak otsail osoan zehar egongo dira herriko tabernetan, eta postaz martxoaren 8ra bitartean onartuko dira bertsoak.

Sari-ematea martxoaren 14ko jaialdian egingo dute. Lehiaketaren irabazleak bi lagunentzako afaria irabaziko du. Bigarren postua lortzen duenak 2007ko Gipuzkoako Txapelketako DVDa eramango du etxera eta hirugarrenak Bertsolari aldizkariaren urtebeteko harpidetza lortuko du.