Lau azpeitiar izango dira Ezker Hormako II. Emakume Pilotari Irekian

Uztarria.eus 2009ko urt. 29a, 11:01

Txapelketa larunbatean hasiko da

Azpeitiko Ikasberri Kirol Elkarteko Oihana Unanuek, Naroa Urbietak, Miren Zabalak eta Daniela Domingezek hartuko dute parte txapelketan

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa datorren asteburuan jarriko du martxan Ezker Hormako II. Emakume Pilotari Irekia. Joan den larunbatean hasi behar zuen pilota txapelketa, baina antolatzaileek adierazi dutenez, "eguraldi txarra eta haizetea egin zuelako, lehiaketa lehen jardunaldiko partidak bertan behera utzi zituzten".

Ezker Hormako pilota lehiaketan Azpeitiko Ikasberri Kirol Elkarteko Oihana Unanuek, Naroa Urbietak, Miren Zabalak eta Daniela Domingezek hartuko dute parte. Azken honek 2008ko abenduan Ezker Hormako III. Emakumea Pilotari Txapelketa irabazi zuen.Naroa Urbieta eta Oihana Unanue, berriz, azpitxapeldun izan ziren, bigarren eta lehen mailan, hurrenez hurren.

Larunbateko jardunaldiko lau partida Anoetan jokatuko dituzte eta beste lau Aginagako pilotalekuan. Miren Zabalak eta Naroa Urbietak 18:00etatik aurrera Martinez-Martinez bikotearen aurka lehiatuko dira, Anoetan. Daniela Domigezek eta Ohiana Unanuek, berriz, Aginagan jokatuko dute 16:45etik aurrera eta Pagola-Otxotorena bikotea izango dute aurrez aurre.