Udalak antolatuta, inmigrazioaz hausnartzeko bilera irekia egingo dute asteartean

uztarria 2009ko urt. 26a, 11:01

Gaiaren inguruan interesa duten herritar eta eragile guztiek hartu dezakete parte; 15:30ean izango da, Baigera I-en

Inmigrazio planaren nondik norakoak eta etorkinen inguruko diagnosiaren ondorioak azalduko dira bileran

Azpeitiko Gizarte Zerbitzuen Sailak inmigrazioaren errealitateaz hausnartzeko bilera antolatu du biharko, asteartea. Antolatzaileen hitzetan, gaiaren inguruko "hausnarketa bateratua" egin behar da eta horregatik bilera irekia izango da. Bertan, gaiaren inguruan interesa duten herritar eta eragile guztiek hartu dezakete parte. Bilera 15:30ean izango da, Baigera I-en.

Azpeitiko etorkinen inguruko diagnosia eta Inmigrazio planaren nondik norakoak ere bileran azalduko dira. Gizarte Zerbitzuen Sailak jada egina duen diagnosiaren helburua etorkinen errealitatea ezagutzea izan da eta horretarako, udaleko sail, udalerriko eragile eta herritarren laguntza eta ekarpenak kontutan izan dira. Diagnostikotik ondorioztatutakoak biharko bileran azalduko dituzte.