Ertzaintza "gorputz errepresibo bezala desegiteko" eskatu du AAMk

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 24a, 17:01

Larunbatean Azpeitian ertzainek zazpi lagun zauritu zituztela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Ertzaintza EAJren "zerbitzura" dagoen polizia da, haren ustez

Ertzaintza EAJren "zerbitzura" dagoen polizia dela eta EAJren "mesedetan" aritzen dela esan du ohar bidez Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Espainiako Gobernuaren errepresio estrategiarekin bat eginda dabiltza jeltzaleak, eta errepresio estrategia horren zerbitzuan lanean dabiltza ertzainak", dio AAMk. Ertzaintza "gorputz errepresibo bezala desegiteko" ere eskatu du. Joan den larunbatean, Euskal Herriko hainbat herritan, eta tartean Azpeitian, eginiko ekimenetan Ertzaintzak izandako jarrera kritikatu du.

Azpeitiko gertaeren harira, ertzainen jarrera gaitzetsi du. "Zentsura mozioa zela-eta honen aurkako protestan plazan bilduta zeuden herritarren aurka jo zuen Ertzaintzak". AAMren arabera, "gutxienez zazpi herritar zaurituta" gertatu ziren Ertzaintzaren kargaren ondorioz, "eta herritarrak mehatxatu eta iraindu zituen Ertzaintzak".

AAMk salatu duenez, "EAJ alkatetzara iritsi eta emandako lehen gertaera Ertzaintzaren karga izan zen, zentsura mozioaren aurka zeuden herritarren aurka joz".