Emakumeek danbor talde denetan irtetea zorionekoa da, Bilgunekoen ustez

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 24a, 18:01

"Urteetako borroka luzeen" ondorioa dela azaldu dute

"Emakumeoi festetan era aktiboan parte hartzeko aukera ematen digun leiho ireki berri bat da"

Aurten, San Sebastian bezperako helduen danborradako talde guztietan emakumeek irten dute eta hori, herritarrak eta elkarteetako kideek "pauso hori emateko izan duten ausardia zoriontzeko" modukoa dela uste du Azpeitiko Bilgune Feministak. "Horren inguruan egiten dugun balorazioa oso positiboa da". 2009an lehen aldiz emakumeek parte hartzea danborradako talde guztietan "urteetako borroka luzeen" ondoren lortu da.

Helduen danborradan emakumearen parte-hartzearen "aldaketa", aldarrikapen eta kontzientziazio saiakera askoren ondoren etorri dela azpimarratu du Bilgune Feministak: "Emakumeoi festetan era aktiboan parte hartzeko aukera ematen digun leiho ireki berri bat da". Hori dela eta, hori lortzeko lan egin duten "guztiak" gogoan izan nahi dituzte, batez ere Izarraizpeko Sorginak Emakume Taldea. Talde horrek egindako ekarpena nabarmentzeko modukoa dela diote Bilgunekoek, "jarrerak askoz itxiagoak ziren garaietan ere borrokari tinko eutsi eta orain gauden egoerara iristeko egindako ekarpena ordainezina baita".

Egiteko asko oraindik ere

Baina oraindik ere egiteko asko dagoela nabarmendu dute: "Zabaldutako bide on horretan pausoak emanez segitu beharra dugu, hasi bakarrik egin garelako, oraindik Azpeitian eta Euskal Herrian, jai parekideak izateko, asko baitugu egiteko".

Bilgunekoek emakumeei dei egin diete, festa eta jaietan ez ezik bizitzako beste esparru guztietan ere "beren eskubideak exijitu eta aldarrikatzen jarraitzeko".