Ziripot elkarteko danbor taldeak Hendaiako danborradan hartuko du parte

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 23a, 10:01
Ziripot danbor taldea joan den San Sebastian bezperan. (Nerea Uranga)

Larunbat arratsaldean, 15:00etatik 20:00 ingurura arte iraungo du Hendaian danborradak

Hendaiako danborradako antolatzaile baten gonbita jason zuten Ziripot taldekoek

Azpeitiko Ziripot elkarteko danbor taldeak larunbatean Hendaiako danborradan hartuko du parte. 35 laguneko danbor taldea joango da. 15:00etan hasiko da danborrada eta 20:00ak arte ibiliko dira kalez kale; gero, bertan afalduko dute Ziripotekoek.

Ziripot elkarteko Tomas Ugaldek azaldu duenez, dei bat jaso zuten Hendaiatik hango danborradan parte hartzeko gonbita eginez eta baiezkoa erabaki zuten elkartean, parte hartuko zutela: "Hendaiako danborra antolatzen ibiltzen den Txema izeneko batek deitu zidan, hango danborradan parte hartzera gonbidatuz. Elkartean horren berri eman nuen eta jendea parte hartzeko prest azaldu zen".

Seirehun lagun inguru

Ugaldek azaldu duenaren arabera, Hendaian iaz antolatu zuten aurreneko aldiz danborrada eta hamar bat taldek hartu zuten parte. "Niri Hendaiakoek esan zidatenez, iaz jendea oso gustura gelditu zen danborradarekin eta aurten ere antolatu egin dute, ilusio handiz gainera. 600 lagun inguruk irteten dutela esan digute eta giro aparta izaten dela".

Danborradan zein doinu jo behar dituzten ez dakite Ziripotekoek: "Hori ez nion galdetu ere egin, bestela igoal jendea beldurtu eta inor ez zen animatuko. Ziripot elkartekook ahal dena egingo dugu", dio Ugaldek.

Autobusez joango dira Hendaiara larunbatean, han arratsaldean danborradan ibili eta bertako elkarte batean afalduko dute Ziripot elkartekoek. Afalostean itzuliko dira Azpeitira.