Sansebastianetan ere preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko eskatu du AAMk

Uztarria.eus 2009ko urt. 16a, 18:01
Danbor taldeetako kide batzuk, Izarraitz pilotalekuan, presoen aldeko aldarrikapenarekin.

"Ezin dugu errealitate tamalgarri hori ahaztu eta beste aldera begiratu", esan du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Ondo deritzo alkateak proposatu eta danbor taldeek onartutako ekimena

Aurten San Sebastian bezperan ez dute plazan presoen eskubideen aldeko agiririk irakurriko, Iñaki Errazkin alkateak proposatu eta danbor taldeek onartuta, bakearen eta konponbidearen aldeko ekimena egingo dutelako, eta Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio horrekin ados dagoela. Hala ere, festa hauetan ere euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko eskatu die herritar eta danborzale denei.

"Sansebastianak hurbiltzen ari diren honetan, festa eta ospakizunetarako prestatzen ari da Azpeitiko herria. Baina urtero bezala, bada hainbat herritar gure artean egoterik ez duena. Bada hainbat herritar, Euskal Herriko gatazkaren ondorioak zuzenean pairatzen dituena. Ezin dugu errealitate tamalgarri hori ahaztu eta beste aldera begiratu. Elkartasuna beharrezkoa da egunero bezala, festetan ere", dio agiri batean AAMk.

Alkateak bere proposamenaz eurekin ere hitz egin zuela esan du AAMk, eta honek dio "gatazka eta sufrimendu guztiak amaitzeko klabeak diren bost hitz ardatz" hartuta egingo dela San Sebastian bezperako ekitaldia: Euskal Herria, hitza eta erabakia, elkarrizketa, konponbidea eta bakea.

Euskal preso eta iheslari guztiak etxean izan artean lanean jarraituko duela berretsi du.

Bide batez, danbor taldeetako kide batzuek presoen eskubideen aldeko argazkia atera dute aste honetan.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren agiria

"Konponbidearen bideak, euskal preso eta iheslariak etxera!

San Sebastianak hurbiltzen ari diren honetan, festa eta ospakizunetarako prestatzen ari da Azpeitiko herria. Baina urtero bezala, bada hainbat herritar gure artean egoterik ez duena. Bada hainbat herritar, Euskal Herriko gatazkaren ondorioak zuzenean pairatzen dituena. Ezin dugu errealitate tamalgarri hori ahaztu eta beste aldera begiratu. Elkartasuna beharrezkoa da egunero bezala, festetan ere.

Aurtengo helduen tanborrada egunean, ez da espreski euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzen dituen idatzirik irakurriko plazan. Azken urteetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak proposatu izan du idatzi hori irakurtzea, beti ere, tanborzaleen elkarteen artean adostuta. Aurten ordea, Azpeitiko alkate den Iñaki Errazkinek beste proposamen bat luzatu zigun, bai guri eta tanbor zaleei ere. Azpeitiko eta Euskal Herriko egungo testuinguruan oinarrituta, gatazka eta sufrimendu guztiekin amaitzeko klabeak diren bost hitz ardatz hartuta egingo den ekitaldia, hain zuzen: Euskal Herria, hitza eta erabakia, elkarrizketa, konponbidea eta bakea. Gatazkaren konponbide demokratiko eta sufrimenduen amaierarekin amesten du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere, eta aurtengo salbuespen hori dela egokiena iritzi diogu.

Baina hala ere, euskal preso politikoen egoera inoiz baino larriagoa den garaietan bizi gara. Inoiz baino preso politiko gehiago daude Espainia eta Frantziako ziegetan sakabanatuta eta bahituta, 765 preso hain zuzen. Dituzten espetxe baldintzak, inoiz baino gogorragoak dira, larriki gaixorik izan arren edota zigor osoa betea izan arren, espetxeetan usteltzera kondenatu nahi dituzte.

Euskal preso eta iheslari guztiak etxean izan artean, lanean jarraituko dugu, eta aurtengo San Sebastianetan bezala, hurrengo urteetan ere, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu.

Ildo horretatik, Azpeitiko herritar eta tanborzale guztioi, dei egiten dizuegu San Sebastian bezperan aldarrikapen horiekin bat egitera. Hori adierazteko, banatuko diren euskal preso eta iheslariak etxera pegatinak soinean jartzera gonbidatzen zaituztegu.

Ondo pasa San Sebastianak".