Danbor hotsen soinua

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 16a, 18:01

Helduen danborradak aurten 50 urte beteko ditu

Oargi taldekoen ekimenez aurrenekoz 1959ko urtarrilaren 19an irten zuen

Danbor hotsaren soinua ardatz, ordu gutxiko festa handiak dira sansebastianak. Batik bat parte-hartzaileak, herritarrak baitira festaren protagonista nagusiak. Helduen danborradan mila lagunetik gora irtengo dira San Sebastian bezperan eta hurrengo eguneko haurren danborradan, berriz, 500 haurrek hartuko dute parte.

Igande arratsaldeko sokamuturrak San Sebastian bezperari aurrea hartu eta festa giroa aurreratuko du. Aurtendik, gainera, zezena Miserikordian (Hartzubian) dabilenean, San Martin estrata zezenean ibiltzeko zabalik izango da. Bestetik, garai batean bezalaxe, Pilotalekuan ere (Done Jakue kalean) zezena ibiliko da.

Berrogeita hamar urteko danborradan

Danbor hotsak astelehenean hartuko dute festa. 22:15ean irtengo du 22 taldek osatzen duten helduen danborradak, Olazko Andra Mariaren plazatik. 50. urteurrena beteko du aurten helduen danborradak eta, Azpeitiko danborradak liburuan esaten denez, Oargiko gazteek San Sebastian bezperan helduen danborrada antolatzeko proposamen egin zuten, onartu eta 1959ko San Sebastian bezperan irten zuen aurreneko aldiz. "Oargiko buru Pedro Illarramendi zen, baita ideiaren bultzatzailetako bat ere", liburuan azaltzen denez. Illarramendi Alkartasuna danbor taldeko zuzendaria da gaur egun. "Pedro bera 1957ko eta 1958ko gaztetxoen danborradetan ibilia zen antolatzaile lanetan eta haren iritzia sinesgarria zen. Donostiako danborraden funtzionamendua ere ezagutzen zuen, gainera. Lan horretan ari zirela, beste talde esanguratsu baten laguntza lortu zuten: El Andaluz Zezenzale Elkartearena, eta Oñazbide elkarteak ere beraiekin bat egin zuten".

Oñazbide elkartekoak, danborradari bidea zabalduz Gastadore bezala irten zuten aurreneko helduen danborrada hartan. Ordutik, hutsik egin gabe irten du Gastadoreen taldeak. Aurten 50 urte betetzen dituztela eta, San Sebastian bezperako bandera igoeran parte hartuko dute duela 50 urte gastadore irten zutenetako batzuk.

Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek helduen danborrada herriko plazan denerako egindako proposamena onartuta dute danbor taldeetako ordezkariek. Proposamenaren arabera, danborradako talde guztiak herriko plazan daudenean "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" minutu bateko isilunea gordeko dute eta une horretan Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloa izango duen parkarta aterako dute taldeetako ordezkariek elkarrekin.

Inazio Uria enpresaburuaren hilketak herrian "atsekabea eta mina" sortu duela dio Udalak eta, "festetan ere azpeitiarren bizikidetza sustatzeko" egin du proposamena Errazkin alkateak. Altuna y Uria enpresako buruetako bat zen Inazio Uria ETAk hil zuen tiroz, Loiolan, abenduaren 3an.

Danbor-jotzaile txikiak

Helduen danborradako hainbat taldek euren jarduna ez dute San Sebastian bezperan bukatuko. Urtero bezala, San Sebastian Egunean herrian danbor hotsa zabaltzen aurrenak Ardozaleak eta Gure Ametsako danbor-jotzaileak izango dira. Eta eguerdian, haurren danborradaren txanda izango da. Hamar taldetan banatuta, herriko ikastetxetako taldeak, Juan Antxieta Musika Eskolako taldea eta Itsasi Dantza Taldea irtengo dira, karroza atzetik dutela.

Estreinakoz ireki zuten bidea

Onazbide Elkartekoek ireki zuten helduen lehen danborradako bidea eta 50 urte geroago omenalditxoa egingo zaie lehen gastadoreei. Beraiek igoko dute aurten udaletxeko bandera.

Azpeitiko helduen danborradak 50 urte beteko ditu aurten. 50 urte urtarrilaren 19ko gaua danbor hotsez eta burrundadaz betetzen. Sortu zenetik taldeak agertzen eta desagertzen joan dira, baina, bada talde berezi bat, lehenengo urte hartatik eta hutsik egin gabe helduen danborradan irten dena. Talderik isilena eta, ziur asko, serioena: gastadoreen taldea.

Hartzubitik Oinatzera bidean Azillarri etxean zegoen Oñazbide elkartea eta hango 14 lagunek osatu zuten lehen gastadore taldea. Beraiek ireki zuten lehen aldiz helduen danborradaren bidea eta, urtemuga hori ospatzeko, 14 haietatik bizirik jarraitzen duten bost lagunek igoko dute astelehen gauean udaletxeko bandera: Luis Amenabar, Manolo San Juan, Julian Arruti, Patxi Azkargorta eta Josu Agirre.

Bidea irekitzen lehenak

Patxi Azkargorta eta Josu Agirre lehen urte hartan atera ziren gastadoreetako bi dira. Atzo balitz bezala gogoratzen dute helduen danborradako lehen egun hura. "Donostiako Angelita mozorro dendan alokatu genituen lehen urte hartako jantziak. Maristen lokaletan jantzi ginen lehen urte hartan eta eskerrak ilundu ondoren jantzi ginen! Norberak ez zuen bere burua ikusten eta nahiko barre egin genuen batak besteari begira!" dio Azkargortak. Agirrek kontatzen duenez, berriz, "ustelduta zeuden urte hartako jantziak. Janzten hasi orduko alde guztietatik eteten ziren joskurak".

Hurrengo urtean, berriz, bost janzkera besterik ez omen zituzten lortu eta artzain mozorroak ziren, gainera. Taldekoek ez omen zuten jantzi haiekin irteterik nahi izan, lauk bakarrik, eta Josu Agirreren anai txikia gonbidatu omen zuten haiekin ateratzera.

Gauzak horrela, hirugarren urtean jantziak egitea erabaki zuten, soldadu itxurakoak jada. Manolo Madrazok patroiak egin eta bakoitzaren emazteak etxean josi omen zituen jantziak. Gaur egunera arte belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan dira jantzi horiek. Urte hartan, gainera, zaldi gainean atera zen Luis Amenabar taldekidea.

Gizon altuak dira gastadoreak

Gastadoreen taldean gizon altuek parte hartzen dutela jakinekoa da azpeitiarren artean. Kasualitate izan edo ez izan, honek badu gastadoreen jatorriarekin zerikusirik.

Gastadoreena figura militar bat da. Beraiek ziren armadako tropentzat bidea irekitzeko eta garbitzeko arduradunak. Beraz, geldiunetako lekuak eta kanpalekuak prestatzen zituzten. Hauen lanak trebetasuna eta indarra eskatzen zuen eta, beraz, tadeko mutilik altuenak eta indartsuenak hartzen zituzten gastadore lanetarako.

Azpeitian lehen urte hartan gastadore atera zen gizonik altuena Luis Amenabar izan zen. "Ia bi metroko mutil puska zen Luis", dio Azkargortak; "neska altu batekin ezkondu zen gainera eta seme-alaba altuak atera ziren haietatik". Gaur egun, beste zenbaiten semeez edo tartekoez gain, Amenabarren semeak irteten dira gastadoreetan.

Une onak oroitzen

Hainbat pasarte dibertigarri gogoratzen dituzte Azkargortak eta Agirrek danborradako urte haiei buruz.

Azkargortak kontatzen duenez, "ez dut oroitzen zein urte zen, baina San Sebastian bezpera batean afaria prestatzera joan ziren pare bat lagun elkartera eta meriendatxoa edo egin nahi izan zuten. Haietako bat Jaka dendara joan zen (Hartzubian) eta sardin zaharrak eta ogia erosi zituen. Elkartera itzultzean zartagina berotzen jarri eta olioa topatu ezinik zebilela, lagunak esan zion komun ondoan botila batean zegoela. Baina ez zegoen, itxura, botila bakarra, bi baizik. Besteak, begiratu ere egin gabe hartu zuen haietako bat eta zartaginera bota zuenean... sardinak sabaian itsatsita gelditu ziren! Aguafuertea bota ez zuen bada olioaren partez!".

Danborrada amaitu eta Riojano taberna zenean goizeko ordubiak aldera prestatzen zizkieten kazuelak ere ongi gogoan ditu: "Presaka afaltzen genuenez, urdailak erdi hutsik izaten genituen eta ederki sartzen zen mokadua!"

Agirrek txukun-txukun gordeak ditu urte haietako guztiak argazkiak eta kronikatxoak. Gogoratzen du urte baten ez zela danborradarik egon eta "euriagatik izan omen zen, bai zera!" dio: "Landetako taldeak bruxekin atera nahi izan zuen urte hartan eta Udalak ez zion utzi; soldaduz jantzita ala ezer ez! Gainontzeko taldeak, haiei elkartasuna adierazteko, ez irtetea erabaki genuen eta ez zen danborradarik egon. Kalera ere ez nuen irten gau hartan!".

Asko aldatu da danborrada

Berrogeita hamar urte hauetan helduen danborrada asko aldatu dela iruditzen zaie Azkargortari eta Agirreri. "Orain jende guztiak danborra jotzen atera nahi izaten du", dio Patxi Azkargortak. Agirreren ustez, berriz, "jende gehiegi egoten da danborradan, baina horrek badu erremedioa: ondo pasatzea eta gozatzea".

Aurten danborrada ikusteko toki paregabea izango dute: udaletxeko balkoia, hain zuzen.

Egitaraua

Urtarrilak 18, etzi. 16:30etik 20:00ak bitartean, sokamuturra, Arno ganadutegiko zezenekin. Perez Arregi plazatik aterako dute aurreneko zezena.

Urtarrilak 19, astelehena. San Sebastian bezpera.

  • 22:15ean, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, helduen danborrada.
  • 00:00etan, helduen danborradako talde guztiak herriko plazan elkartuko dira eta udaletxean herriko bandera igoko dute. Gastadoreen taldeak helduen danborradan 50 urte beteko dituenez, omenaldia egingo diete udaletxean.
  • 00:30ean, El Cohete txaranga eta Zo-zongo perkushow taldea.

Urtarrilak 20, asteartea. San Sebastian Eguna.

  • 09:30ean, Izarraitz Txistulari taldearen eta Azpeitiko Musika Bandaren goiz eresia. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeen kalejira.
  • 10:15ean, Udalbatza udaletxetik parrokiara joango da.
  • 10:30ean, prozesioa parrokiatik irtenda.
  • 10:45ean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, meza nagusia.
  • 12:00etatik 12:30ak bitartean, sokamuturra, Gorixo ganadutegiko zezenekin.
  • 12:30ean, Artetxeneko paretik irtenda, haurren danborrada eta karroza.
  • 16:00etan, Olazko Andre Mariaren plazan, haur parkea.
  • 16:30etik 20:00etara bitartean, sokamuturra, Gorixo ganadutegiko zezenekin.
  • 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan pilota partidak, 12 eurotan. Asegarceko pilotariak. Lehen partida, lau eta erdikoa: Koka-Arretxe II.a. Bigarren partida, Bigarren Mailako Binakako Txapelketa: Berasaluze IX.a-Urberuaga bikotea Belloso-Eskudero bikotearen kontra.
  • 20:00etan, herriko plazan, Egan taldearekin dantzaldia.
  • 23:15ean, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, bandera jaisteko danborrada. Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro eta Irrintzi danbor taldeek hartuko dute parte, Azpeitiko Musika Bandarekin batera.
  • 00:00etan, herriko plazan, herriko bandera jaitsiko dute.
  • 00:30ean, herriko plazan, Egan taldea.

Helduen danborrada

Hogeita bi talde. Gastadoreen taldeak eta 21 danbor taldek parte hartuko dute. Hurrenez hurren, aurrenetik azkenera, horrela joango dira taldeak danborradan: Gastadoreak, Alkartasuna (danborrak), Itsasi (danborrak eta upelak), Harkaitza (danborrak), Amnistia Taldea (upelak), Arrantzaleak (danborrak), Gure Ametsa (upelak), Ardozaleak (danborrak), Mendizaleak (upelak), Barratsu (danborrak), Zezenzaleak (upelak), Barrenetxea (danborrak eta upelak), Oilo Soro (upelak), Irrintzi (danborrak), Txalintxo (upelak), Arauntza (danborrak), Sanjuandegi (upelak), Izarraitz Txoko (danborrak), Zokoa (danborrak), Basazabal (upelak), Ziripot (danborrak) eta Landeta Egizale (upelak).

Joko dituzten doinuak edo martxak.

  • Parrokia aurrean: San Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian.
  • Herriko plazan: San Sebastian martxa, Soreasuko Sebastian, Diana, Agurra, Idiarena, Diana Txikia, Txokolo eta Mandioko Polka.

San Sebastian Egunean, bandera jaisteko danborrada.

  • Musika Bandarekin batera parte hartuko duten taldeak: Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro eta Irrintzi.
  • Danborradaren ibilbidea, 23:15ean irtenda, Olazko Andre Mariaren plaza, Done Jakue kalea, Eliz kalea, Erdi kalea eta herriko plaza zeharkatuko ditu.

Haurren danborrada

Hamaika talde. Gastadoreen taldeaz gainera, hamar danbor taldek irtengo dute: Juan Antxieta Musika Eskola (upelak), Itsasi Dantza Taldea (upelak eta danborrak), Iraurgi Ikastetxeko ezpatadunak (danborrak), Ikasberri Azpeitiko Ikastolako sukaldariak (upelak), Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Napoleonak (danborrak), Iraurgi Ikastetxea Zumalakarregi (upelak), Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko Tertzioa (danborrak), Ikasberri Azpeitiko Ikastolako soldaduak (danborrak), Iraurgi Ikastetxeko mikeleteak (upelak) eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko soldaduak (danborrak). Danbor taldeen atzetik inudeak eta karroza joango dira. Karrozaren gaia, Izarraizko izoztegia da eta egilea Eli Beobide.