Emakume Mahaiak dio berdintasun politiken norabidea zehaztuko duela

Uztarria.eus 2009ko urt. 16a, 13:01

Urte honetako plangintza aurkeztu zuten atzo (osteguna)

Genero diagnosia egiteko eztabaida talde ezberdinak egingo dira

Azpeitiko Emakume Mahaiak azken asteetan garatu dituen ekimenen balorazioa egin eta 2009 urterako adostutako plangintza aurkeztu du. Gabonetan jostailu eta jolas ez sexistei inguruko lanketa bat egin zuten. “Etxeetan esku-horri bat banatu dugu hausnarketa bat gauzatzeko asmoz, eta gai horri buruzko zalantzak argitzeko hitzaldi bat ere antolatu dugu”. Horrekin batera, azpeitiarren jostailuak erosteko joerak ezagutzeko galdetegi bat banatu zuten. “Erosleen %90 emakumezkoa” dela eta jostailuak erosteko orduan, haurren sexua kontutan hartzen den ezaugarri garrantzitsuena dela ondorioztatu dute. “Gaur egun indarrean dauden genero estereotipoak mantendu egiten dira, haurren garapen askea urratuz”.

2009an ekimen desberdinak garatuko dituzte. Otsailean femenismo eskolak antolatuko dira hiru astetan zehar. “Feminismoaren historia, korronte ezberdinak, gaur egungo egoera, etabar aztertuko dira”. Martxoan, ‘Kalean uso, etxean otso’ antzezlana antolatuko dute, baita “herritarrentzat saio ireki bat ere”. Maiatzean mahai inguru bat egingo dute eta hil horretako bukaerarako emakumeen liburu azoka prestatu dute. Ekainean, erakusketa egiteko asmoa dute eta bertan EHGAek gay eta lesbianen mugimenduko ibilbidea jasoko dute.

Genero diagnosia

Emakume Mahaiak bultzatuta, Parekidetasun Sailak Azpeitiko genero diagnosia eta berdintasun plana jarri ditu martxan. “Datorren hilabetean, eztabaida talde ezberdinak egingo dira, gazteekin, kultur eta kirol eragileekin, etorkinekin, 3.adinekoekin, eta abarrekin”, adierazi dute. Diagnosio horretan oinarrituta, berdintasun plan bat diseinatuko da, eta bertan “lau urtetan Azpeitian garatu beharreko berdintasun politiken norabidea zehaztuko da”.

Taldeko emakumeen esananetan Udal plenoak berdintasun plana onartu beharko du. “Berdintasun plana onartu eta garatzea Emakume Mahaiak urte luzeetan garatu duen borrokaren ondorio da, eta alderdi guztiek izan beharko dute plan hau bultzatzeko borondate politikoa”.

Sexuen hezkuntza proiektua ere martxan dagoela adierazi zuten. Ikastetxe guztietan formazio saioak ematen ari dira eta hurrengo hilabeteetan ekimen horrekin jarraitzeko asmoa dute, “oso emaitza positiboak atera ditugulako”. Proiektu horren osagarri gisa, ekintza osagarriak prestatu dituzte ekainaren azken asterako, horien artean, bertso saioa, antzerkia eta Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia.

Azpeitiko danborradan, lehen aldiz, elkarte guztietan emakumeek parte hartu ahal izango dutela gogoan eduki nahi izan zuten. “Zorionak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan danborradan emakumeen presentzia aldarrikatzeko lanean aritu den emakume taldeari, eta eremu pribatuan elkarteetan horren alde lan egin duen guztiari”.