Baimendu egin dute zentsura mozioa salatzeko bigarren elkarretaratze deialdia

Uztarria.eus 2009ko urt. 16a, 10:01
Ezker abertzaleak lehengo larunbatean Azpeitian egindako manifestazioko burua. ('Urola Kostako Hitza)

Ezker abertzaleak bihar (larunbata) 11:10erako deitu du, plazan, Ezkertiar eta abertzaleak aurrera lelopean

Hasieran deitua zegoena (11:00etarako) ez egiteko abisua emana zuen Ertzaintzak, Segi-ren kartelez baliatuta

Ezker abertzaleak IƱaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioaren kontra eginiko bigarren elkarretaratze deialdia baimendu egin dute. Hala jakinarazi dute deialdia egin dutenek. Elkarretaratzea bihar 11:10ean hasiko da, plazan, Ezkertiar eta abertzaleak aurrera lelopean.

Larunbaterako lehen elkarretaratze deialdia (11:00etarako deitu zutena) bertan behera gelditu da, Ertzaintzak ez egiteko abisua eman ondorenk. Hasierako mobilizaziorako baimena eskatu zuen pertsonak Ertzaintzaren deia jaso du, deialdia bertan behera uzteko esanez. Izan ere, egun ordu eta toki bererako deia eginez Segiren kartelak kalean daudela esan diote, eta protesta bertan behera uzten ez badu bere kontrako diligentziak Madrilera bidaliko dituztela mehatxu egin diote.

Mozioa erabakitzeko udalbatzarra bera 12:00etan hasiko da, udaletxean.

EAJk eta EAk afera "jantzi demokratikoekin estali nahi duten arren", guztiaren atzean ezker abertzalearen lan politikoa "kriminalizatzea" eta haren proiektu politikoa "deuseztatzea" beste asmorik ez dagoela salatu du ezker abertzaleak. Ertzaintzaren deia ikusita, "kriminalizatze" hori "eskura dituzten bitarteko guztiekin" egiten ari direla uste dute. "Larunbatean egin nahi dutena ezker abertzelea kriminalizatzeko operazio berri bat da. Ezker abertzalea kriminalitzako saiakerak ez dira berriak. Jendeari mobilizatzeko dei egin nahi diogu", adierazi dute Azpeitiko ezker abertzaleko kideek.

Bestetik, gaur (ostirala) Berriak dioenez, aste honetan Orkatz Kultur Elkartearen tabernan sinadurarik gabeko eskutitz bat jaso dute, hurrengo hildakoa taberna hartan ibiltzen den norbait izango dela mehatxatuz.

Lehengo zapatuan manifestazioa egin zuen Azpeitian ezker abertzaleak, eta jendetza bildu zen.

EAJk eta EAk urtarrilaren 5ean sartu zuten zentsura mozioa udaletxean, eta Julian Eizmendi EAJko zinegotzia da haien alkategaia.

'Gara'-ren informazioa

Atzo (osteguna) Gara egunkariak argitaratu du EAk eta Aralarrek, udal gobernua utzita, ez zutela ezker abertzalearekin zeukaten "blindatutako" akordioa bete. 2007ko ekainaren 22an aurkeztu zuten EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek udal gobernu akordioa, eta hiru puntu ditu: irizpide politikoak, programa akordioa eta funtzionamendua. Gara-ren arabera, ordea, beste puntu bat ere bazuen hitzarmenak, "publiko egin ez zutena. Gatazka politikoaren ondorioz sortutako gertaeren aurrean eman beharreko erantzun bateratua jasotzen zuen".

Egunkari hark dio ETAk abenduaren 3an Loiolan Inazio Uria enpresaburua hil ondoren ezker abertzaleko udal taldeak aurkeztutako mozioak jasotzen duela laugarren puntu horretako edukia. Hain justu, mozio hauxe irakurri zuen abenduaren 3ko arratsaldean:

  • "Azpeitiko gertaera larriaren aurrean, gure atsekabea, samina eta tristura azaldu nahi dugu. Inazio Uriaren senideei bereziki eta lagunei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.
  • Gertatutakoak, indarkeriaren adierazpen guztiek bezala, gatazkari benetako eta behin betiko konponbidea atzeraezinezko lehentasuna izan behar du eragile guztientzat. Beraz konponbidea eta bakea lortzeko ahaleginak biderkatzeko deia egiten dugu.
  • Udal honek, bere esku dagoen guztia egingo du gatazka behin betiko konponduko duen akordio zabal baten alde. Herri honen eta herritarren eskubide guztiak errespetatuak izango diren eszenatoki demokratiko baten alde, hain zuzen ere".

EAk udalbatzar haren ostean utzi zuen udal gobernua, alkatearen taldeak Uriaren hilketaren aurkako "gaitzespen argirik" ez egiteagatik. Aralarrek hurrengo egunean utzi zuen.

2007ko ekainaren 16an hartu zuen alkatetza Errazkinek, bere taldeak (sei zinegotzi), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) akordioa lortuta. EAJ (zortzi) da oposizioko talde bakarra.