San Sebastian egunerako karroza lehiaketa hutsik gelditu da

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 15a, 10:01

Eli Beobideri eskatu dio Udalak karroza egiteko

Aurtengo karrozaren gaia Izarraizko izoztegia 1684-1687; hobekuntzak, 1709 izango da

Sansebastian Egunean haurren danborradako karrozaren egilea aukeratzeko lehiaketa azaroan jarri zuen martxan Udalak. Karrozaren gaia, berriz, Izarraizko izoztegia 1684-1687; hobekuntzak, 1709 jarri zuen. Baina hutsik gelditu da karroza lehiaketa, inor ez delako aurkeztu.

Karroza lehiaketarako hautagairik ez zegoenez, Udalak profesional batengana jotzea erabaki zuen. Baina, honek esperientzia izatea nahi zutenez, Eli Beobiderengana jo zuten. Beobidek Udalak egindako proposamena onartu egin zuen eta bera arduratuko da karroza egiteaz, lehiaketan aurkeztutako gaia oinarri hartuta.

Eli Beobidek aurretik ere egin izan ditu haurren danborradarekin ateratako karrozak, lau urtez: 2001ean, 2002an, 2003an eta 2004an. 2005etik 2008 urte arteko karrozak Saioa Imazek egindakoak izan dira.

Duela 51 urte aurrena

Berrogeita hamar urte baino gehiago dira haurren danborradarekin karroza ateratzen dela Azpeitian; aurreneko aldiz 1958an atera zuten. Ignacio Agirrek egindakoa izan zen. 2000. urte artean, Agirrek egin zituen 32 urtetako sansebastianetako danborradako karrozak, bere bi alabek lagunduta. Bi urtez (1968an eta 1977an) Andoni Albizuri zenak egin zituen karrozak.