Julian Eizmendi da zentsura mozioak proposatu duen alkategaia

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 15a, 11:01
Iñaki Errazkin eta Julian Eizmendi, 2007ko ekainaren 16an udaletxean, Errazkinek kargua hartu zuen udalbatzarraren ostean.

EAJk eta EAk Errazkin alkatearen kontra aurkeztutako zentsura mozioa etzi landuko du Udalbatzak, 12:00etatik

Zentsura mozioa aurkezteko bi alderdiek egindako akordioa zehazten du

Iñaki Errazkin (ezker abertzalea) alkatearen kontra Azpeitiko EAJko zortzi zinegotziek eta EAko zinegotzi batek udaletxean aurkeztutako mozioak jasotzen duen akordioak lau puntu ditu, Urola Kostako Hitza-k jakin duenez. Hirugarren puntuak, EAJko Julian Eizmendi Zinkunegi alkategai izendatzea "aldarrikatzen" du.

Zentsura mozioaren akordioko aurreneko bi puntuetan, Errazkin alkateak Inazio Uriaren hilketaren aurrean izandako jokaera "zentsuratzea" eta hura alkatetzatik "kentzea" eskatzen dute. Laugarren puntuan, berriz, hartutako erabakiaren berri behar den lekuan ematea eskatzen dute.

Larunbatean egingo dute, 12:00etatik, EAJk eta EAko zinegotzi batek alkatearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa aztertuko duen udalbatzarra. Errazkinen kontra zentsura mozioa aurkezteko erabakiaren berri abenduaren 20an eman zuten Azpeitiko EAJk eta EAk, bien arteko bileraren ondoren. Zentsura mozioaren akordioa ere bi alderdiek adostutakoa da.

Abenduaren 20an iragarri bezala, urtarrilaren 5ean Azpeitiko Udaleko zortzi zinegotziek eta EAko Mikel Ibarzabalek sinatuta, zentsura mozioa sartu zuten udaletxean. Hautetsi independentistek Uriaren hilketa salatu ez zutelako sartu zuten alkatearen aurkako mozioa.

Mozioa udaletxean sartuta, automatikoki hamar lan egunera landu behar da udalbatzarrean; horregatik izango da etzi. Mozioa sinatu duten bederatzi zinegotziek neurriaren alde bozkatuz gero, Errazkin alkatetzatik kendu eta EAJko Julian Eizmendik hartuko du alkatetza. Errazkinek 2007ko ekainaren 16an hartu zuen alkate kargua, hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarrekoaren babesarekin.

Mozioa aurrera ateratzeko ere gehiengo osoa behar da. EAJrekin Udal Gobernuan ez dela sartuko azaldu du EAk; beraz, alderdi jeltzaleak gutxiengoan gobernatuko du Azpeitiko udaletxean.

Mozioaren gaitzespena

Joan den larunbatean, Azpeitiko ezker abertzaleak deituta, Errazkinen kontrako zentsura mozioa salatzeko manifestazioa egin zuten ehunka lagunek, Konponbidea orain, Euskal Herriaren hitza errespetatu lelo hartuta. Mila herritarrek baino gehiagok ez ezik, ezker abertzaleko hainbat alkatek hartu zuen parte manifestazioan, baita Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek ere. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak manifestazioaren bukaeran esan zuenez, zentsura mozioa "ezker abertzalearen aurkako gurutzada politikoan" beste urrats bat da.

Zentsura mozio aztertuko duen udalbatzarraren xehetasunak

  • Udalbatzarra noiz? Larunbatean, udaletxean, 12:00etatik.
  • Alkateak ez du zuzenduko. Zentsura mozioa lantzeko udalbatzarra ez da ohi bezala egiten. Hau da, ez du alkateak zuzentzen, ezta zentsura mozioaren bidez alkatetzarako proposatutakoak ere; kasu honetan, beraz, ez Iñaki Errazkinek ez Julian Eizmendik. Udal hauteskundeen ondoren, alkateak kargua hartzen duen udalbatzarren antzera zuzentzen da: udaletxeko idazkariak eta zinegotzien arteko zaharrenak eta gazteenak gidatzen dute; kasu honetan, Jose Urbistondok eta Nerea Aldaik (biak EAJkoak dira).
  • Prozedura.
  • Udalbatzarra hasi orduko aurkeztutako mozioa irakurriko dute.
  • Ondoren, hitz egiteko aukera izango dute zinegotziek.
  • Gero, bozketa egingo litzateke. Bozketa egiteko moduan aukera dago: papertxoetan idatzita, ezkutuan edota besoa altxatuta. Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, oraindik ez dute erabaki nola egin. Gehiengo osoa behar. Gehiengo osoa lortu beharko du mozioak aurrera ateratzeko, bederatzi zinegotziren botoa hain zuzen ere, hamazazpi daudelako.
  • Udalbatza osatzen dutenak.
  • EAJko zortzi zinegotzi: Julian Eizmendi, Ana Mendizabal, Julian Kortajarena, Iñaki Etxezarreta, Jabier Altuna, Jose Urbistondo, Nerea Aldai eta Onintza Etxeberria.
  • Hautetsi independentistak, sei: Iñaki Errazkin, Xanet Esnaola, Arantxa Isart, Leire Ibarguren, Leire Lazkano eta Haizkurgi Uzin.
  • EAkoak, bi: Manuel Unanue eta Mikel Ibarzabal.
  • Aralarrekoa, bat: Juan Karlos Arellano.