EAk, baloiak kanpora

Antton Elorza 2009ko urt. 12a, 11:01

Eusko Alkartasunak ETAri egozten dio Azpeitiko udal gobernua haustearen ardura. "Atentatuaren erantzukizuna ez-ezik, ETAk bere gain hartu beharko du EA eta ANV garatzen ari ziren ildo abertzale eta aurrerakoiko udal gobernuaren haustura ere" (Berria, 2008/12/21).

Baloiak kanpora. Hauxe iruditzen zait EAren argumentua, aitzakia besterik ez baita, hartu duen erabakia zuritzeko. Gainera, erabaki hori ez omen da herri mailan hartu; goitik agindu baitute batzuen presioa dela-eta. EAk ere baditu orduan, EAJk bezala, bere mitxelinak.

Ekintzaren arduraduna ETA izan bada, zergatik jotzen duzue ekintza horrekin zerikusirik ez daukan, eta hori zuek ere badakizue, beste talde baten aurka? Eta ez da taldearen aurka bakarrik, baita Udala kudeatzeko alderdi ezberdinen arteko akordioaren aurka ere. Zergatik? ETA ez zutelako kondenatu? Ez al du norberak adierazpenak bere erara egiteko eskubiderik? Ez al zaizue iruditzen zintzoak zirenik ezker abertzaleak azaldutakoak? Zuenak egokiagoak al ziren? Ba ongi, baina errespetatu besteenak ere.

Mozioaren inguruan hartuko duzuen erabaki horrek ez dio mesederik egingo herrian egiten ari zineten lanari, ezta Euskal Herrian behar den abertzaleen arteko elkarlanari ere. Mesede galanta egingo diozue EAJko poltrona gosedunei eta herri honen subiranotasunaren aurka daudenei. Horrez gain, ezker abertzalea baztertzeko eta kondenatzeko erabiltzen dituzten argumentuei zuenak ere gehituko dizkiezue jokabide horrekin.

Orain, zuen helburuetako bat ETA desagertzea bada, ez dut uste emango duzuen pausoarekin ezer aurreratuko denik. Ez nago afiliatuta inongo alderdi edo mugimendura, baina hemengo arazoa pixka bat ezagutzen dudala pentsatzen dut, eta elkarbizitzak okerrera egingo duela iruditzen zait, bai Azpeitian bai maila zabalagoan, arazoa luzatuz.

EAkoek, lehen desobedientzia zibila proposatzen zuten lanerako tresna bezala, eta gaur egun ere, adimena eta ausardia erabiltzea eskatzen dute egoera honetatik irteteko. Hasi bada barrutik eta zorte on.