Baserritarren produktuei buruzko azterketa egiteko arreta bulegoa zabalduko dute asteartean

Uztarria.eus 2009ko urt. 12a, 10:01

Udalak EHNE sinkidatuari eskatu dio azterketa egiteko

Arreta bulegoan herritarren iritziak eta proposamenak jaso nahi dituzte; asteartetan eta ostegunetan egongo da zabalik, Sindikatu Zaharrean

Udalak eskatuta, baserritarren produktuei buruzko azterketa egingo du EHNE sindikatuak. Ikerketaren helburua baserritarren produktuak merkaturatzeko modurik egokienak aurkitzea eta martxan jartzea da eta sei hilabetetan egin nahi dute.

Udalak eta sindikatuak azterketa aurkeztu zutenean adierazi zutenez, azterketa parte-hartzailea sustatu nahi dute eta horretarako arreta gune bat jarri dute, herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko helburuarekin.

Arreta bulegoa bihar, asteartea, zabalduko dute. Astearte goizetan, 10:00etatik 13:30era, eta ostegun arratsaldetan, 16:00etatik 19:30era, egongo da zabalik, Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan. Udalaren esanetan, "azokaren inguruan nahiz baserritarren produktuak merkaturatzeko aukera ezberdinen inguruan iritzia eman edo iradokizunak egin nahi dituen ororentzat egongo da zabalik bulegoa".

Arreta gunean jasotako iradokizunak biltzeaz gain, EHNEk herriko azoka aztertuko du eta bertako baserritarrak eta erosleak elkarrizketatuko ditu. Azokan parte hartzen ez dutenekin ere bilduko da sindikatua.