Ehunka eta ehunka lagun elkartu dira Azpeitian zentsura mozioaren kontra

Uztarria.eus 2009ko urt. 10a, 20:01
Azpeitiko ezker abertzaleak gaur antolatu duen manifestazioa, Aranean. ('Urola Kostako Hitza')

Konponbidea orain! Euskal herritarren hitza errespetatu! lelopean manifestazioa egin dute gaur, ezker abertzaleak deituta, eta babesa agertu diote alkateari; gaur zortzi eztabaidatuko dute mozioa, EAJk eta EAk aurkeztuta

Errazkinek esan du "kondenaren amuaren" atzean dagoen "tranpa politikoan" ez direla sartuko

Azpeitian ehunka eta ehunka lagun bildu dira gaur (larunbata) arratsaldean manifestazioan, jendetza, EAJk eta EAk Iñaki Errazkin alkatearen aurka sartu duten zentsura mozioaren kontra daudela agertzeko eta alkateari babesa agertzeko. Konponbidea orain! Euskal herritarren hitza errespetatu! lelopean egin dute ekimena, Azpeitiko ezker abertzaleak deituta. Han izan da Errazkin bera, baita ezker abertzaleko udal taldeko hautetsiak ere.

Errazkinen ildoko hainbat alkate ere bertan izan dira, eta horiek eraman dute pankarta. Esaterako, Marian Beitialarrangoitia Hernanikoak, Ino Galparsoro Arrasatekoak, Iñaki Zabala Urretxukoak, Alazne Olaizola Zestoakoak, Maider Ziganda Pasaiakoak eta Errazkinek berak. Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiaga ere manifestazioan izan dira.

Plazara iritsitakoan hartu du hitza Errazkinek. Azken asteotan jasotako babesa eskertu du lehendabizi, eta zentsura mozioa "ezker abertzalearen aurkako gurutzada politikoan" beste urrats bat dela gaineratu du gero. Haren esanetan, gaitzespenaren atzean "helburu politiko garbiak" daude. "Gaitzespenaren bidez ETA dela herri honen arazo nagusi eta bakarra sinetsarazi nahi digute. ETAk sortzen duen sufrimendua hor dago, bai noski, eta hori oso presente du ezker abertzaleak. Ezker abertzaleak oso ondo daki gatazka politikoaren ondorioz suertatzen diren sufrimenduak pairatzea zer den". Errazkinen aburuz, ordea, arazo nagusia da herri honek ezin duela bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki. Beraz, "kondenaren amuaren" atzean dagoen "tranpa politikoan" ez direla sartuko berretsi du.

EAJri leporatu diote ezker abertzalearen proiektu politikoa “zentsuratu" nahi duela, “baina ezingo du suntsitu”. Gatazkaren konponbidea premiazkoa dela esan dute eta, haren aldeko borondatea berretsi ostean, lanean segituko dutela.

EAJk eta EAk urtarrilaren 5ean sartu zuten zentsura mozioa Azpeitiko udaletxean, eta mozioa gaur zortzi eztabaidatuko dute, 12:00etatik, udalbatzar aretoan. Julian Eizmendi izango da EAJk aurkeztuko duen alkategaia, eta jeltzaleek beste zinegotzi baten babesa beharko dute. EA prest azaldu da babesteko, baina ez da EAJrekin udal gobernuan sartuko. Hala, gutxiengoan gobernatuko luke EAJk.

ETAk abenduaren 3an Azpeitian, Loiolan, Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua hil ondoren sortu da hori guztia. Egun hartan bertan EAk udal gobernua zuen —iazko ekainetik zegoen ezker abertzaleko taldearekin eta Aralarrekin—, Errazkinen udal taldeak ez zuelako hilketa haren "gaitzespen garbirik" egin. Aralarrek ere utzi egin zuen udal gobernua handik egun batera, eta berehala esan zuen ez zuela zentsura moziorik babestuko.

Iñaki Errazkin ezker abertzaleko kideak 2007ko ekainaren 16ko udalbatzarrean lortu zuen alkatetza, EAE-ANVk (sei udal ordezkari, hura barne), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) akordioa lortuta. 1979tik ordura arte beti EAJkoa izan zen Azpeitiko alkate.

Gaurko manifestazioaz informazio gehiago: Urola Kostako Hitza, Berria, Gara