"Nazio eraikuntzarako" sei egitasmo lagunduko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 10a, 13:01

Nazio Eztabaidagunea, Gaindegia, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nabarreria, Euskalerria Irratia eta Iparraldeko Euskal Irratiak babestuko ditu diruz

Euskal Herri ikuspegitik lan egiteko nolako oztopoak dituzten kontuan hartu dute, alkateak esan duenez

Udalak 2008ko udal aurrekontua onartu zuenean, "nazio eraikuntzarako" 75.000 euro bideratzea onartu zuen. Diru hori sei egitasmo laguntzeko erabiliko dutela azaldu zuen atzo (ostirala) IƱaki Errazkin alkateak. Horrela banatuko dute dirua: Nazio Eztabaidaguneari 15.000 euro emango dizkiote, Gaindegiari 12.000 euro, Hizkuntz Eskubideen Behatokiari 12.000 euro, Nabarreria-ri 12.000 euro, Euskalerria Irratiari 12.000 euro eta Euskal Irratiak Federazioari (Xiberoko Botza, Gure Irratia, Irulegi Irratia eta Antxeta Irratia) 12.000 euro.

Nazio Eztabaidaguneari gehien, hamabost mila euro ematea erabaki dute: "Nazio eraikuntza aspektu guztietan lantzen du, eta osatuena da. Gure ustez estrategikoa da eta eragile desberdinak lantzen ditu".

Egitasmoak laguntzeko orduan "lurraldetasun ikuspegia" kontuan izan du Udalak: "Euskal Herri ikuspegitik lan egiteko nolako oztopoak dituzten kontuan hartu dugu. Laguntzak-eta oso mugatuak dituzte. Nafarroako Gobernuak Nafarroa osoko euskarazko komunikabideei laguntzeko 9.000 euro soilik emango ditu".