Zer dio Arnaldo Otegik Azpeitiko egoeraz?

Uztarria.com 2009ko urt. 5a, 11:01

Errazkin alkatea "oso lan txukuna" egiten aritu dela esan du, eta Uriaren hilketaren ondorioz "ezegonkortasuna" sortu dela

"EAk ez du ongi kudeatu presio mediatikoa"

Abuztuaren 30ean irten zuen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak kartzelatik, eta harrezkero ez da askorik agertu jendaurrean. Dena dela, hitz egin izan duenean, oihartzun handia eduki izan dute haren hitzek. Atzo (igandea), esaterako, Berria-k Otegirekin egindako elkarrizketa luzea argitaratu zuen, eta ezker abertzaleko kidea Azpeitiko egoeraz mintzatu zen. IƱaki Errazkin alkatea "oso lan txukuna" egiten aritu dela esan du Otegik, ETAk Inazio Uria hiltzearen ondorioz "ezegonkortasuna" sortu dela Udalean, eta eta "EAk ez duela ongi kudeatu presio mediatikoa", zentsura mozioari baiezkoa eman diola-eta.

Hona hemen Otegik Azpeitiko egoeraz Berria-ri emandako erantzun osoa:

"Azpeitian gertatutakoaz hango alkateak esandakoa eta ezker abertzaleak bere oharrean esandakoa berretsi egin behar da. Oso egoera gogorraren aurrean izan gara; zoritxarrez, ez da lehen aldia. Horrek ekarri ditu ondorio batzuk. Alde batetik, gure ustez, oso lan txukuna egiten ari den udal baten ezegonkortasuna. Horretan esan behar dugu EAk ez duela ongi kudeatu presio mediatikoa. Azpeitiarrek Azpeitian EAJren udal alternatibo bat nahi zuten eta nahi dute eta horretarako bozkatu zuten. Nolabait, gertatutakoa erabiltzea horretarako, zilegi izan daiteke EAJren partetik, baina EAkoek beste motatako jarrera eduki behar zuten. Ingurumari horrek guztiak zaildu egiten du era lasaian halako gogoetak egitea. Hala ere, halako egoerek zailtasunak eta oztopoak jartzen dituzte hainbat gauzatarako, baina oztopo eta zailtasun guztien gainetik badago herri interes bat. Herri honek interesa du EAJtik ezkerrera halako mugimendu bat osatzeko eta estrategia bat osatzeko. Gauza mingarriak eta samingarriak badira ere, herri honek horren beharra dauka, eta behar hori gogobete behar da".