Zentsura mozioaren aurkako manifestazioa hilaren 10ean

Berria 2009ko urt. 3a, 16:01
Ezker abertzaleak Frontoi Txikin joan den ostiralean egin zuen agerraldia.

Proiektu ezkertiar eta abertzalea zentsuratu nahi dutela salatzeko egingo dute ekimena

18:00etan hasiko da, plazan, ezker abertzaleak deituta

Konponbidea orain, euskal herritarren hitza errespetatu lelopean manifestaziora deitu du Azpeitiko ezker abertzaleak datorren larunbaterako. 18:00etan abiatuko da manifestazioa herriko plazatik. ETAk Inazio Uria hil ostean, EAJk bultzatuta, urtarrilaren 5ean aurkeztuko dute ezker abertzaleko alkatearen aurkako zentsura mozioa Azpeitiko udaletxean jelkideek, EAko zinegotzi baten babesarekin. Ezker abertzalearen proiektu politikoa “zentsuratu" nahi izana egotzi diote EAJri.

Hala adierazi zuten ostiralean Azpeitian hainbat lagunek egindako agerraldian. Agerraldia egin zutenen artean Azpeitian hautetsi izandakoak ziren batzuk, herritarrak hautatu arren legeak hautetsi izatea debekatu zietenak ziren beste batzuk. Iñaki Errazkin alkatea eta ezker abertzaleko udal taldeko hautetsiak ere baziren.

Hilaren 5ean aurkeztuko dute zentsura mozioa udaletxean, eta 17an aztertuko da osoko bilkuran. Errazkin alkatetzatik kendu eta EAJko Julian Eizmendi izango da aurrerantzean alkate. EAk bi zinegotzi ditu Azpeitian baina haietako bakarrak babestuko du zentsura mozioa, EAko zuzendaritzak hala aginduta.

Ostiraleko agerraldian salatu zutenez, ezker abertzalearen proiektua zentsuratu nahi duten arren, “ezingo dute suntsitu». Espainiako Gobernua ezker abertzaleko alkatetzak dituzten udalak nola desegin pentsatzen ari den artean, lan hori egiteko bidelagunak topatu dituztela salatu zuten. EAJ eta EA, Gasteiztik, ezker abertzalearen aurkako kriminalizazio kanpainan lehen lerroan kokatu direla salatu zuten. Azpeitian EAJko kideak ezker abertzalearen aurka “gogotsu» ari direla salatu zuten, eta Azpeitiko EAkoak zentsura mozioaren aurka daudela diotela esan zuten. “Alde ala aurka, alderdi bakoitzak bere ardura politikoa izanen du ezker abertzalearen kontrako erasoan».

Konponbidea premiazkoa

Ezker abertzaleak urteetan urratutako bideak Azpeitian fruituak eman dituela esan zuten. Horren ondorioz lortu zuela ezker abertzaleak herritarren babesarekin EAJ alkatetzatik kentzea. Jelkideei axola zaiena euren interes “ekonomiko-alderdikoiei kalte egitea» dela salatu zuten. Horregatik egin dituztela hiru saio ezker abertzalea alkatetzatik kentzeko.

Nahiz eta ezker abertzalearen proiektua zentsuratu nahi izan, ez dutela suntsituko esan zuten. Gatazkaren konponbidea premiazkoa dela, eta haren aldeko borondatea berretsi ostean, lanean segituko dutela esan zuten.