Presoen eskubideen aldeko baraualdia egin dute herriko 18 gaztek

Uztarria.eus 2008ko abe. 31a, 11:12
Baraualdia egiten ari den taldea, Sindikatu Zaharrean.

Astelehenean hasi zuten ekimena eta gaur (asteazkena) eguerdian bukatuko dute

Gaur arratsaldeko zazpietan manifestazio isila izango da

Presoen eskubideen aldeko baraualdia egin dute herriko 18 gaztek, eta Sindikatu Zaharrean bildu dira. Astelehenean 12:00etan hasi zuten ekimena eta gaur ordu berean bukatuko dute.

Baraualdia egiten ari den taldearen hitzetan, "euskal preso politikoak etxean izan arte amaituko ez den lana da aurrean duguna. Lan xumea, esparruz esparruz, egunez egun, auzoz auzo, bisitaz bisita, gutunez gutun, mobilizazioz mobilizazio osatzen den lan etengabea".

Talde horrek adierazi zuenez, "gizartearen inplikazioa nahitaezkoa" da. "Gizartearen erronka da euskal preso politikoen eskubideen bermea, gizarteak egiten dituen urratsen ondorioa izango baita euskal preso politikoen eskubideen bermea".

Gaur, Urte Zahar egunean, arratsaldeko zazpietan presoen aldeko manifestazioa izango da Azpeitian, eta bertan parte hartzeko gonbitea zabaldu dute baraualdikoek. 19:00etan hasiko da, igerileku aurrean.

Gaur gaueko hamabiak pasatxo, berriz, urte berriko brindisa izango da Orkatzen presoen eta iheslarien alde, eta bihar 9:00etan Erlora irteera.

Bilboko manifestaziorako autobusa

Urtarrilaren 3an Etxeratek manifestazio nazionala antolatu du. Bilbon izango da eta bertara joateko autobusa antolatu dute Azpeititik. Manifestazioa 17:30ean hasiko da, Aita Donostia plazan.

Arratsaldeko 16:15 irtengo du autobusak Azpeititik, eta izena Orkatz Kultur Elkartean eman behar da.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org