Udalak herriko etxebizitza beharra ikertu du

Uztarria.eus | Gizartea
2008ko abe. 23a, 18:12

Azpeitiko 755 familia eta 2.277 herritarren iritziak bildu dituzte

Ikerketaren arabera, azpeitiar gehienak etxea jabetzan hartzearen aldekoak dira

Azpeitiko Udalak etxebizitza premia eta eskariaren inguruko inkesta egin du herritarren artean, Aztiker Jendarte Ikerketaren bitartez. Ikerketaren berri gaur (asteartea) eman dute Iñaki Errazkin alkateak eta Aztikerreko Iñaki Iurrebasok.

Ikerketa osatzeko Azpeitiko 755 familien eta 2.277 lagunen iritziak bildu dituzte. Iritzi horiek telefonoz jaso dira eta galdeketa 11 egunetan egin dute. Iurrebasoren arabera, "zori sistema" erabili dute, herriko guneen eta auzoen arteko presentzia orekatua bilatzeko.

Etxebizitza premia aztertzeko, bi premia mota bereiztu dira, alde batetik lehen etxebizitza eskuratzeko beharra dutenak eta bestetik etxebizitzaz aldatu nahi dutenak. Ikerketaren arabera, elkarrizkatuen %3.8ak (528 herritar) lehen etxebizitza eskuratzeko premia dute. Horietako gehienak, 20 eta 34 urte bitarteko gazteak dira eta Iñaki Iurrebasoren arabera, "gurasoengandik emantzipatzeko edo bikotean bizi ahal izateko nahi dute etxebizitza". Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren datuekin alderatuta, lehen etxebizitza eskurakeko beharra Azpeitian, Gipuzkoako beste herrietako mailaren antzekoa da.

Aldaketa premiari dagokionez, familien %3.5ek (165 familiek) etxez aldatzeko beharra dutela adierazi dute, egungoa txiki gelditu zaielako edo egungo etxebitzaren baldintzak ez direlako onak. Azpeitian premiadunak Gipuzkoan baino gutxiago dira.

Jabetzan nahiago

Ikerketatik azpeitiarren gehiengoak etxea jabetzan hartzea nahiago duela ondorioztatu dute. Hala ere, baldintza egokiak emanez gero, alokairuan bizitzeko prest azaldu da aldatzeko premian dauden familien %15.7ak eta lehen etxebizitza eskuratu nahi dutenen % 42.6ak. Iurrebasoren hitzetan, "alokairuzko 192 etxebizitza beharko lirateke Azpeitian".

Etxebizitza: arazo larrienetako bat

Azpeitiarrentzako etxebizitza arazo larrienetakoa da. Etxebizitza politikaren inguruan, %70.6ak administrazioak etxebizitza alorrean ematen dituen laguntzak baliabide gutxien dituzten pertsona eta taldeei bideratu beharko lieke. Era horretan eta azpeitiarren gehiengoaren iritziz, Babes Ofizialeko Etxebizitzak, diru-sarrera apalenak dituzten familiei soilik bideratu beharko lirateke.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak egitearen inguruan, adostasuna dago azpeitiarren artean eta galdetutako ia denek ados azaldu dira, baina adostasun hori ez da mantentzen etxeak hartzeko moduan galdetutakoan. Gehiago dira Babes Ofizialeko etxeak jabetzan eskaintzea nahiago dutenak alokairuan eskaintzea eskatzen dutenak baino.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu