Baserritarren produktuei buruzko azterketa egingo du EHNEk

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 22a, 10:12

Udalak eskatu dio azterketa egiteko, baserritarren produktuak merkaturatzeko modu egokienak aurkitzeko

Azterketa sei hilabetetan egin nahi dute eta arreta gune bat jarriko dute herritarren iritziak jasotzeko

Udalak baserritarrei euren produktuak merkaturatzen lagundu nahi die; horregatik, baserritarren produktuen inguruko azterketa egiteko eskatu dio EHNE sinkidatuari. Helburua, baserritarren produktuak merkaturatzeko modurik egokienak aurkitzea eta martxan jartzea da.

Udaleko Baserri eta Zerbitzu Orokorren batzordeburu Xanet Esnaolak adierazi duenez, "lehen sektorea gainbeheran dagoela ikusita, joera horri buelta emateko ahalegin guztiak egin nahi" ditu Udalak.

Horregatik, besteak beste, herriko azoka aztertuko dute, azokaren ahalmenak eta gabeziak ezagutzeko. Bertako baserritarrak eta erosleak elkarrizketatuko ditu EHNEk, eta eskualdean dauden nekazaritza elkarteekin ere elkarlanean ariko da. Gainera, inguruko herrietako esperientziak eta alor honetan egon daitezkeen diru-laguntzak aztertuko ditu. Bestalde, azokan parte hartzen ez dutenekin ere bilduko da, azokara ez joateko arrazoiak jakiteko asmoz.

Azterketa parte-hartzailea

Bestalde, arreta gune bat jartzeko asmoa du Udalak, elkarrizketatuak izango ez diren herritarrek euren iritziak eta proposamenak helaraz ditzaten. Azterketa sei hilabete barru amaitzea espero dute.