Nerea Etxeberria izendatu dute 2008ko Azpeitiko Kirolaria

Uztarria.eus 2008ko abe. 20a, 14:12
Goiko argazkian, Nerea Etxeberria, 2008ko kirolari onena. Behekoan, hautagai guztiak.

Azpeitiko Udalak gaur (larunbata) eguerdian banatu du aurtengo herriko kirolari onenaren saria

Guztira hamalau hautagai izan dira eta guztiek garaikurra jaso dute

Azpeitiko Udalak 2008ko Kirolaria Saria banatu du gaur, larunbata, udaletxean egin den ekitaldian. Udal Kirol Batzordeak erabaki duenez, Nerea Etxeberria korrilakaria izan da aurtengo kirolari onena.

Hamalau hautagai zeuden kirolari onenaren saria jasotzeko. Aukeraketa, herriko kirol elkarteek aurkeztutako zerrendetan oinarrituta eta lorpenak kontutan hartuta egin dute. Guztiek garaikurra jaso dute Udaleko ordezkarien eskutik.

"Azken urteetako sari garrantzitsuena"

Nerea Etxeberriak Azpeitia- Azkoitia maratoi erdian Gipuzkoako lehen emakumea eta Gipuzkoako kros laburreko txapelduna izatea lortu du. Azpeitiarrarentzat, gaur bere herrian jaso duen saria "azken urteetan jaso dudan sari garrantzitsuena da".

Etxeberriarentzat jendeak bere lana errekonozitzeak balio handia du. "Herriko jendeak norberaren lana errekonozitzea zailena eta ederrena da aldi berean", esan du atleta azpeitiarrak.