Etxebeltz-Izarrako, Soreasuko eta koarteleko hirigintza planak baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 20a, 14:12

Leku Eder promotorak auzitara eraman ditu Aldundia eta Udala, hirigintza arauak ez errespetatzeagatik

EAEko Lurralde Auzitegiaren esanetan, plan horiek ez dituzte hirigintza arauak betetzen

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenak baliogabe utzi du, AIU 20. eremuari (Etxebeltz-Izarra), AIU 6ri (Alde Zaharra), AIU 3ri (Soreasu) eta AIU 28ri (Julian Elorza hiribidea 6, lehen koartela zegoen tokia) dagokion Arau Ordezkatzaileen aldaketa, hirigintza arauak ez errespetatzeagatik. Udalak aurreko agintaldian Zatikako Plan bakarrean onartu zituen aurrez aipatutako eremu horietako arau ordezkatzaileak, 2007an. Aldaketa Gipuzkoako Argitalpen Ofizialean 2006ko uztailaren 19an argitaratu zen. Hori onartzeagatik, Leku Eder promotorak auzitara eraman ditu Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala.

Urola Kostako Hitzak-k jakin duenez, Etxebeltz-Izarra egitasmoaren lotutako beste prozedimentu batzuk ere auzitan daude.

Etxebeltz-Izarra 20. lur eremua hiritartzeko proiektua Udalean behin betiko onartzeko prozesua korapilatsua izan zen aurreko agintaldian. Orduan udalean zeuden EAJ, PP eta PSE-EEk alde egiten zuten, baina EA eta Habea ez zeuden ados. Gainera lur eremu horren aurreko lurjabeek ere hainbat salaketa egin zituzten Etxebeltz-Izarrako proiektuaren aurrean.

Etxebeltz-Izarrako lur eremuaren tramitazioa Udalak aurreratu egin zuen. Hori egin zen garaian alkate zen Julian Eizmendik 2005eko abenduan azaldu zuenez, etxebizitzak egiteko "premia larria" zen garai hartan eta helburu hori Etxebeltz-Izarra lur eremuan "errazago" bete zitekeen, etxebizitzarako lur eremu hiritargarri bezala izendatuta zegoelako. Eizmendik orain hiru urte esandakoaren arabera, horrek esan nahi zuen orduantxe han etxeak eraiki zitezkeela.

Auzarazakoak ere legez kanpo

Iazko urrian Espainiako Auzitegi Gorenaren autoak adierazitakoaren arabera, Auzarazan AIU 14ko 76 etxebizitza ez dira legea jarraituta egindakoak. Horko hiritartzea eta ekintza administratiboak ere legez kanpo egindakoak dira Auzitegi Gorenaren arabera. Auzi hori urteetan eman da, eta azkenean Gorenera heldu zen.

Etxebeltz-izarrako proiektua

2004. urtea. Udala Etxebeltz-Izarrako lurjabeekin bilerak egiten hasi zen.

2006ko apirilak 6. Udalak Etxebeltz-Izarrako lurjabeekin hitzarmena egitea onartu zuen; alde EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek bozkatu zuten eta EAk eta Habeak aurka. Etxebeltz-Izarran 320 etxebizitza egitea aurreikusi zuten: horietatik 208 babes ofizialekoak, eta gainontzekoak libreak.

2006ko maiatzak 4. Etxebeltz-Izarran etxebizitzak egiteko egitasmoa behin-behinean onartu zuten udalbatzarrean, EAJ, PSE-EE eta PPkoen aldeko botoekin. EAk eta Habeak kontra egin zuten.

2006ko ekaina. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Azpeitian 407 etxe berri egitea onartu zuen; tartean, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzak. "Azpeitiko Udalak urbanizazio berria egin dezake Etxebeltz-Izarran", zioten Aldundiko ordezkariek.

2006ko ekainaren 22a. Esklabetako eremuko lurjabe Ikasberri Azpeitiko Ikastola eta Leku Eder promotorak salatu zutenez, orduan alkate zen Julian Eizmendik Esklabetako eremuan ez zuen legea bete: "Etxebizitza kopurua jaitsi egin du, betebehar legalaren azpitik jarriz. Loiolako ibilbidean etxebizitzarik gabe utzi duen eremu bakarra Esklabatakoa da".

2006ko iraila. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako departamentuak Etxebeltz-Izarra hirigintza proiektua behin betiko onartzeko prozesua etetea erabaki zuen, zenbait akats zituelako. Azpeitiko Udalak, Aldundiak eskatutako zuzenketak egitea erabaki zuen.

2007ko apirilak 20. Lurzoruen Planeamentuko Arau Osagarriak behin betiko onartu zituen Udalak EAJ, PP eta PSE-EEren botoekin. EAk eta Habeak aurka egin zuten.