Alkateak minutu bateko isilunea, eta bakearen eta konponbidearen aldarria egitea proposatu die danborradakoei

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 19a, 12:12

Iñaki Errazkin alkateak bilera egin du taldeetako ordezkariekin eta "oso ondo" hartu dute proposamena

"Euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" minutu bateko isilunea gordetzeko proposatu du; Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloko pankarta zabalduko lukete zuzendariek

Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek helduen danborradako taldeen ordezkariei proposatu die datorren urteko San Sebastian bezperako danborradan, urtarrilaren 19an, herriko plazan minutu bateko isilunea gordetzea "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" eta danbor zuzendariek elkarrekin, une horretan, Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloa izango duen pankarta zabaltzea. Horixe izango da danborradaz gainera orduan herriko plazan egingo litzatekeen ekimen bakarra. Ezker abertzaleko zinegotziak joan den astetik ari ziren proposamen hori lantzen, azken gertakariak direla eta.

Urola Kostako Hitza-k danborradako talde batzuetatik jakin duenez, taldeetako ordezkariek "oso ondo" hartu dute proposamena. Horiek euren taldean ematen hasiak dira ekimen berria, eta erantzuna positiboa izaten ari da.

Errazkinek herenegun gauean proposatu zien hori, Udalaren eta danborradako taldeen arteko ohiko batzarrean. Udaletxean bildu ziren, eta EAko zinegotzi Mikel Ibarzabal ere bertan zen, orain gutxi arte bera izan baita Festa batzordeburua.

Aurrez aipatutako aldeak hurrengo asteartean bilduko dira berriro, udaletxean 20:00etan, erabakia hartzeko.

Alkateak ez zuen atzo adierazpen publikorik egin nahi izan horretaz, "gaia danborradako gune horretan dagoelako, hor aztertu behar delako eta hor hartu beharko delako erabakia".

Inazio Uria enpresaburuaren hilketak herrian "atsekabea eta samina" sortu duela dio Udalak eta, hala, "festetan ere azpeitiarren bizikidetza sustatzeko" egin du proposamena. ETAk hil zuen Altuna y Uria enpresako arduradunetako bat zena, abenduaren 3an, Loiolan.

Presoen aldeko agiririk ez oraingoan

Azken urteetan, San Sebastian bezperan, gauerdia iristear zela euskal presoen eskubideen aldeko agiria irakurri izan du danborradako kideren batek kioskotik; baina, Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, hurrengo festetan ez da horrelako agiririk irakurriko.

Gaur egun zazpi azpeitiar preso politiko daude: Juan Karlos Arruti Paterra, Gotzon Aranburu, Xabier Etxeberria Txapi, Jabi Agirre, Joseba Segurola Xegu, Garikoitz Etxeberria Kafe eta Iker Iparragirre. Guztiak ere Euskal Herriko kartzeletatik urrun dituzte, Espainian eta Frantzian. Iñaki Etxarte eta Maria Angeles Artola deportatuta dauzkate, eta Juan Manuel Bereziartua Pakea sasian dago.