Igandean Harri Handien Txapelketa jokatuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 19a, 10:12
Unai Lertxundi, Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak txapelketaren aurkezpenean, herriko plazan. (Nerea Uranga)

Lehian lau harri-jasotzailek jardungo dute parte: Aimar Irigoien, Unai Lertxundi, Joseba Ostolaza eta Bernando Ureta

Txapelketa Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, 12:00etan

Zortzi urte eta gero, Euskadiko Harri Handien Harri-jasotze Txapelketa Azpeitian jokatuko dute, igandean, Santo Tomas Egunean. 12:00etan jokatuko dute, Izarraitz pilotalekuan, eta lau harri-jasotzailek jardungo dute nor baino nor: Aimar Irigoien errezildarra, Unai Lertxundi aiarra, Joseba Ostolaza zestoarra eta Bernardo Ureta arantzazuarra.

Euskadiko Herri Kirolen Federakundeak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute txapelketa. Azpeitiko Udalak, gainera, txapelketako marka haustea lortzen duen harri-jasotzailearentzat 2.000 euroko sari berezia jarri du. Marka Aimar Irigoienek du. Iaz lortu zuen, 9.475 kilo leporatuta, 61 jasoalditan.

Azpeitiko Udaleko Kirol Batzordeak orain dela hilabete eta erdi inguru jaso zuen herri kirol federaziotik txapelketa Azpeitian antolatzeko proposamena. "Proposamena jaso ondoren, Udalak ahalegina egitea erabaki zuen Santo Tomas Egunean herri kirolak beti ere tokia izan duelako", dio Kirol Batzordeko Manuel Unanuek.

Goenatxok 11 txapel ditu

Ez da Harri Handien Txapelketa Urola bailaran jokatzen den aurreneko aldia; Azkoitian bi aldiz jokatu izan da, 1997an eta eta 2000an.

1997az geroztik harri handiekin jokatzen den txapelketak aldaketa izan zuen. Urte horretara arte erabiltzen ziren lau harriek pisu handiagoa zuten; harri bakoitzak gaur egungoek baino 25 kilo gehiago zuen. "Aldaketa hori eginda, txapelketan harri-jasotzaile gehigaok parte hartzea lortu nahi izan genuen", azaldu du Herri Kirol Federazioko ordezkari Koldo Alduntzinek. Esaterako, 1997. urte txapelketan bi harri-jasotzailek bakarrik hartu zuten parte; horietako bat Juanjoxe Unanue Goenatxo azkoitiarra izan zen. Goenatxok ditu harri handietako txapel gehien, 11 hain zuzen ere: zazpi 1997. urte arte erabiltzen zituzten harriekin lortu zituen eta lau, berriz, gaur egun ibiltzen dituztenekin. Azkoitiarrak 2005ean jokatu zuen azkeneko aldiz Harri Handien Txapelketa.

Gaur egun txapelketako harriak honako hauek dira: 200 kiloko koadroa, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola. Lau harriekin segidan jardungo dute, bakoitzarekin hiru minutuko saioak eginez. Berdinketa gertatuko balitz, harri-jasotzaile arinenak, hots gutxien pisatzen duenak, lortuko luke postu hobea. Antolatzaileen esanetan, "behin baino gehiagotan gertatu izan da berdinketa".

Faboritoa, Aimar Irigoien

Aimar Irigoien errezildarra jotzen dute aurtengo txapelketako faborito; iaz ere berak jarri zuen marka eta harri txikietako txapelduna ere bada. Errezildarraren helburua iazkoaren antzeko lana egitea da, "baina, lehenik eta behin, jendea gustura utzi eta ikuskizun polita ematea da nire helburua". Sasoiz ondo dago Irigoien, baina aurten egindako lana eta gero "kolpea pixka bat jaitsita" dagoela aitortzen du. "Egin beharreko lana egun horretantxe eta ordu horretan egin behar da, eta nahiz eta faboritoa izan, edozer gerta daiteke", esan du Irigoienek.

Unai Lertxundi aiarrak aurten aurreneko aldiz hartuko du parte Harri Handien Txapelketan. "Lan on bat egitea" da Lertxundiren helburua. Harri handiekin orain dela gutxi hasi da probak egiten, eta "nahiko ondo" moldatzen dela ikusi eta txapelketan parte hartzeko gogoa sortu zaio.

Ostolaza, tendinitisarekin

Joseba Ostolaza zestoarrak lau urtez jantzi du harri handietako txapela. Aurten, ordea, bukatzearekin konformatuko dela dio, orain dela hilabetetik tendinitisarekin dabil-eta. Horregatik, parte hartzeko moduan izango den ere zalantzan dago: "Nik etorri nahi dut, Azpeitiko herriak merezi duelako; entrenamendu osoa egiten dudanean erabakiko dut parte hartuko dudan ala ez". Ostolazak dioenez, "onenak emanda dago" eta txapelketan parte hartuko balu, "ahal duena egiten" saiatuko da.

Igandean jokatuko duten harri-jasotzeko norgehiagoka "ikustekoa" izango dela diote antolatzaileek eta herritarrei Izarraitz pilotalekura joateko eskatu diete. Sarrera 15 euro kostatuko da. Bildutako dirua antolakuntza gastuetarako izango da. Azpeitiko Udalarekin batera hainbat enpresa eta erakundek ere babestu dute txapelketa: Euskadiko Kutxak, Antzibar Eraikuntzak, Danonak, eta Goenatxo Mudantzak.