Gabon Egunean Olentzero arratsaldez etorriko da aurten

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko abe. 18a, 12:12
Olentzero ikastetxeetan izango da bihar, ostirala. (Nerea Uranga)

Olentzero Eguna "herrikoia" izateko, herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte

Ikastetxeetan bihar (ostirala) ospatuko dute Olentzeroren etorrera

Aurreko urteetan Gabon Egunez Olentzero eguardiz etorri izan da herrira. Baina, aurten arratsaldean etorriko da. Hala erabaki dute Udaleko Festetako sailak eta eguna antolatzen parte hartu duten herriko ikastetxeak, Musika Eskolak, Banda Gaztea eta hainbat musika taldeek.

Udaleko Festa Batzordeak, Olentzeroren etorrerako jaia "indartu" nahi du, eta herriko eragileek antolatzen parte hartzeko deia ere egin zuen. Orain, berriz, Olentzero Eguna "herrikoia" izateko, herritarrak "umeak eta helduak" egun horretarako antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatu nahi dituzte.

Eguerdian, 12:00etan, Mari Domingiri agurra antolatu dute, herriko plazan. Honek, Olentzerori emateko eskutitzak jasoko ditu herritarren artean. Arratsaldean, berriz, Olentzero etorri aurretik eta "herrian giroa sortzeko" kantu kantari herriko auzoetatik eta kaleetatik kalejirak antolatu dituzte: 16:30ean, Sanjuandegitik irtengo du kalejirak; Damaso auzotik, 17:15ean eta Perdilegitik, berriz, 17:15ean. Hiru kalejirak euren ibilbidea egin eta herriko plazan elkartuko dira.

18:00etan, plazan

17:45ean, Olentzerok Artetxe ondotik irtengo du, eta 18:00etarako herriko plazan izango da. Plazan, Itsasi dantza taldekoen dantzaldia, txistulariak eta trikitilariak izango dira. Horrez gainera, Azpeitiko Gazteen Musika Bandak eta Barrenetxea abesbatzak elkarrekin emanaldia eskainiko dute.

Olentzero bihar ikastetxeetan

Herriko ikastetxeek aurreratu egingo dira eta bihar, ostirala, jasoko dute Olentzeroren bisita. Azpeitiko Ikasberri Ikastolan goizean hamaiketakoa egingo dute. 14:50etan, Olentzeroren bila joango dira Olatzera eta 15:00 iritsiko da Bizar Zuri ikastetxera. Ondoren ikasleek aurrezkoa dantzatu eta gabon kantak abestuko dizkiote Olentzerori. 17:15ean, txokolada egingo dute.

Olentzero Iraurgi ikastetxera ere joango da eta gelaz gela bisita egingo du, Milagrosako ikastetxeetan. Betherrametan, berriz, goiz partean txorizo errea jango dute eta musika jaialdia izango dute.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere bihar ospatuko dute Olentzeroren etorrera. Bizar Zurik Euskalerria kaleko eraikuntzan egingo du bere bisita eta ondoren Perdilegira joango da. Atarian harrera dantza egingo diote eta haurrek Olentzerori euren eskariak egiteko aukera izango dute. 12:00etan, Karmelo Shown ekitaldia egingo dute, soinketa aretoan.