Etxebeltz-Izarrako etxeen zozketan onartutakoen berri eman dute gaur, asteazkena

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 16a, 18:12

Gaurtik aurrera hamar eguneko epea izango da helegiteak aurkezteko

Bigarren faseko zozketan parte hartu duten herritarren zerrenda Udalaren webgunean, udaletxean eta Azpeitia Lantzeneko bulegoetan egongo da ikusgai

Azkeneko albistea (12:25): zozketa urtarrilaren 9an izango da, 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan

Azpeitiko Udalak gaur argitaratuko du jendaurrean Etxebeltz-Izarra Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) bigarren faseko zozketan parte hartuko duten herritarren zerrenda. www.azpeitia.net webgunean, udaletxeko iragarki taulan eta Azpeitia Lantzen-eko bulegoetan jarriko dute ikusgai zerrenda hori.

Behin zerrenda argitaratzen dutenetik, hamar laneguneko epea zabalduko du Udalak zerrendaren gaineko erreklamazioak aurkezteko.

Bigarren fase honetan, Etxebeltz-Izarran eraikiko dituzten babes ofizialeko 54 etxebizitza zozkatuko dituzte.

Lehen fasean zozkatutako 154 BOEn baldintzekin alderatuz, oraingo hauek bi aldaketa izango dituzte: erroldatutako epeari dagokiona da bat; eta, bestea, familia bakarreko familiei dagokiena.

Erroldan bi aukera

Erroldari dagokionez, oraingo honetan, bi aukera daude, eta bietako bat bete behar da etxebizitzen zozketan parte hartzeko: 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, gutxienez sei urtez Azpeitian erroldatuta egotea; edota, 2008ko urtarrilaren 1etik atzera bi urtez jarraian herrian erroldatuta egotea. Bigarren baldintza hori da berria eta ekainean udalbatzarrean onartu zuten.

Bestalde, etxebizitza hauek zozkatzeko orduan eta zenbakiak banatzen dituztenean, guraso bakarreko familiei zozketarako hiru zenbaki ematea erabaki dute; alegia, bi gurasoko familiei bezainbeste. Neurri hori ere ekainean egindako udalbatzarrean onartu zuten.

Etxebeltz-Izarrako bigarren faseko etxebizitzetan izena emateko epea uztailaren 24an bukatu zen eta lehen faserako izena emanda zutenak zerrenda honetan ere sartu dituzte.

Lehen zozketa apirilean eginda

Etxebeltz-Izarrako lehen faseko 154 etxebizitzen zozketa apirilaren 4an egin zuten, Kiroldegian. Lehen fase horretan zozkatutako etxe horietarako izena emandakoen behin betiko zerrendan 559 herritar zeuden.