Sanjuandegiko Batzordea, bidean

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2008ko abe. 15a, 09:12

Auzo batzordea sortzeko batzarra egingo dute asteazkenean, 20:00etan,Txiki-Txoko ludotekan

Auzoan talde eragile bat martxan egotea beharrezkoa dela uste dute, "handik eskaintza zabal bat osatzeko eta garatzeko"

Sanjuandegiko hainbat lagunek deitu dute asteazkenean batzarra. (Nerea Uranga)  Argazki originala

Sanjuandegiko auzo batzordea osatzeko asmoarekin auzotarrak batzarrera deitu dituzte, asteazkenean, 20:00etan, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan. Auzotarren batzordea sortzeko nahia azken hilabeteetan hainbat auzotarrek eta eragilek egindako hausnarketaren ondorioa da. Bertan, auzoko erretiratuek, Iturri, Vivero eta Loiola- Bide Zahar elkarteek, merkatariek, ludotekakoek, Bide Ona Elkarteak, Saloi Dantza Eskolakoek eta Sanjuandegiko Festa Batzordekoek hartu dute parte.

Hausnarketatik hainbat ondorio atera dute. Besteak beste, ondorioztatu dute herriko eragile gehienak herri mailan antolatuta daudela, eta hoiek egiten dituzten ekimen gehienak alde zaharrean izaten direla. "Antolatzen diren dinamikak alde zaharrean kokatzeko joera naturala dago. Ondorioz, gure auzoa jokoz kanpo gelditu ohi da". Hori dela eta, auzoan talde eragile bat martxan egotea "beharrezkoa" dela uste dute, "handik eskaintza zabal bat osatzeko eta garatzeko". Auzoaren eta auzotarren gabeziak eta beharrak jasoko dituen diagnosi baten beharra ere badago, haien ustez. "Prozesu horretan auzoko eragile, elkarte eta auzotar guztiek hartu behar dute parte".

Behin auzo batzarra osatzen dutenean, horren funtzionamendua zehaztu beharko dela uste dute. "Auzo batzarra irekia izango da eta auzotar guztien parte-hartzea bultzatu beharko du, bereziki erabakietan", diote. Beraz, auzoaren "eraikuntzarako" eta bizia emateko asteazkenerako deitu duten batzarrean parte hartzera animatu nahi dituzte Sanjuandegiko bizilagunak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu