ELAren ustez, emakumeak, etorkinak eta gazteak dira lana galtzen duten gehienak

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 13a, 14:12
Leire Uranga eta Ramon Irazu Urola Kostako ELAko kideak, Azpeitian, atzo.

Sindikatuak egoera ekonomikoaren aurrean “errespetua irabazi” eta langileak antolatzeko ahalegina egingo du

Datorren asteartean uztarria.com-en elkarrizketa digitala Ramon Irazu ELA sindikatuko Urola Kostako arduradunarekin

ELA sindikatuak Urola Kosta eskualdean bizi den egoera ekonomikoaren aurrean “errespetua irabazi” nahi du, eta langileak antolatzeko ahalegina egingo duela nabarmerdu du. Izan ere, ELAko Eskualde Batzordeak eskualdeko egoera ekonomikoa azaltzeko eta enpresetan eta langileriarengan nolako eragina duen azaltzeko agerraldia egin zuen atzo (ostirala) Azpeitiko ELAren egoitzan.

ELAren arabera, eskualdean lanpostuak murrizten ari dira eta egoera hori gehien jasaten ari direnak behin-behineko langileak, azpikontratatutakoak, etorkinak, emakumeak eta gazteak dira. Urola Kostako ELAko koordinatzaile Ramon Irazuren arabera, “enpresa publiko zein pribatuek, gaizki edo ondo egon, langile jendearen larritasunari etekina atera nahi diote eta gehiago estutu nahi dituzte”.

Sindikatuaren ustez, langileengan eragina duten planteamendu enpresarialak “ezin dira inposatu, langileok irakurketa propioa dugulako”, eta inposaketarik ez dute onartuko: “Langileen lan baldintzak oraindik gehiago kaskartzeko egungo egoera ekonomikoa aprobetxatu nahi duten enpresen mehatxua ez dugu onartuko”. Errespetua irabazteko, “bitarteko juridikoak, ekintza sindikala, greba... ahalbidetuko” dituztela azaldu dute. Ildo horretatik, langileak antolatzeko ahalegina egingo dute; izan ere “antolatu gabe, sindikatu gabe, ezer gutxi gara langileak”.

Lanpostu murrizketak

Lanpostuak eta lanorduak murrizten ari dira eskualdean. Lanpostuei dagokienez, enpresa batzuk itxi egin dira eta beste batzuk ixtear daude, ELAren arabera; “horiek lehendik errenka zebiltzanak dira”. Baina lege aldaketa gertatu da, eta horrek gauzak “zaildu eta luzatu” egiten ditu: “Konkurtso lege berriak asko atzeratzen ditu espedienteak eta ondorio larriak sortzen ditu: kasu batzuetan langileak langabezia kobratzen hasterako sei hilabete edo gehiago pasatzen dituzte zentimorik jaso gabe”.

Beste enpresa batzuetan, lanpostuen zati bat murriztu dute: “Lan txandak gutxituz, behin-behineko langileak kaleratuta, autonomo moduan azpikontratatutakoak kanporatuta, ABLEtako (Aldi Baterako Laneko Enpresa) zerbitzuak etenda eta kaleratze objetiboekin edota Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez”.

Enpresak EET saihestu nahian

Kaleratze objetiboak eta Enplegua Erregulatzeko Txostenak bi prozedura desberdin direla argi utzi nahi izan dute ELAkoek. “Bigarren kasuan, negoziazio prozesu batek egon behar du, eta delegazioak onartu behar du”. Baina, kaleratze objetiboen kasuan, enpresariak egun batetik bestera kaleratu dezake langilea. ELAkoen arabera, “enpresek Enplegua Erregulatzeko Txostena saihestu nahi dute, eta gehienbat kaleratze objetiboetara jotzen ari dira”.

Izan ere, “era horretan dokumentaziorik ez dute azaldu behar”, eta hiru hilabetean behin kaleratu ditzakete langileak, pixkanaka-pixkanaka. Horrez gainera, “negoziatu gabeko malgutasuna inposatzeko saiakerak” ere badaudela diote sindikatukoek. Eta, “inongo babes juridiko gabeko” lanorduen eta soldaten murrizketa kolektiboak ematen ari direla salatu dute.

Enpresa pribatuetan bezalaxe, administrazio publikoan ere berdina gertatzen ari dela azpimarratu zuen ELAko eskualdeko Gizalaneko arduradun Mikel Intxaustik. Honek Zarauzko Udaleko langileen kasua nabarmendu zuen: “Sektoreko hitzarmena ezartzen ez dutelako langileak borrokan ari dira”.

Bestetik, lanordu murrizketen kasuetan, “legez kanpoko neurriak” plantzeatzen ari dira eskualdeko enpresetan: “Esaterako, ordu gutxiago lan egin eta soldata proportzionalki jaisteko akordio kolektiboak egiten ari dira. Hori indibidualki egitea badago, baina ez kolektiboki”. ELAk azaldu duenez, behin lehen murrizketa onartu ondoren, gero enpresaren erabakia da murrizten jarraitu ala ez.

Lanpostuak eta lanorduak bati bat murriztu dizkiete emakumeei, etorkinei eta gazteei, baita azpikontratatutako edota behin-behineko langileak ere. “Hoiek ari dira gehien sufritzen gaur egungo egoera”, azaldu zuen ELAko eskualdeko arduradun juridiko Izaskun Iturbek. “Etorkinekin gertatzen ari denak, gainera, arreta berezia merezi du: atzerritik jendea kontratatzen ari diren bitartean, lehen ekarritakoak orain hemen kaleratzen ari dira”. Emakumeen kasuan, berriz, “soldata kaskarrak” dituzte eta oraindik ere “soldata osagarri” bezala hartuta daude, “eta ia beti, Enplegua Erregulatzeko Txostenetan emakumeak sartzen dira”. Behin-behineko langileen kasuan, berriz, enpresari auzitegian salaketarik ez jartzeko “mehatxatu” egiten dituzte, “salaketa jarriz gero berriro ez dituztela kontratatuko esanda”.

Lan hitzarmen onen beharra

Metaleko enpresetan une hauetan “egoera zelebreak” gertatzen ari direla nabarmendu du ELAko eskualdeko metaleko arduradun Andoni Eizmendik: “Enplegua Erregulatzeko Txostenak eta negoziazio kolektiboak nahasten ari dira”. ELAren ustez, bi arlo horiek “banatu” egin behar dira. Gainera, datorren urtean eskualdeko hainbat enpresatan enpresa hitzarmena negoziatzea egokitzen dela gogorarazi du Eizmendik, “eta hitzarmen onak egin behar ditugu. Enpresek azken urteetan etekinak izan dituzte eta aurten ere izango dituzte, eta pastela denon artean banatu beharra daukagu”.

Langileak antolatu beharra

Enpresa txikietako kasua ere ez da bestelakoa; hala nabarmendu du sindikatuko eskualdeko Enpresa txikietako eta Zerbitzuetako arduradun Zigor Gazpiok. Horren arabera, enpresa txikietan azken urteetan aldi baterako langileak kontratatzeko joera bultzatu dute, eta orain langile horiek “debalde” desagertu dira. Enpresa txikietan ere langileak “antolatu beharra” dagoela azaldu du, “toki batzuetan izugarriak egin dituztelako”.

Krisiaren jatorria

Agerraldian, Leire Uranga ekonomilariak eta sindikatuko konfederazioko kideak azaldu zuenez, “gaur egun daukagun finantza krisi honen nondik norakoak aztertzeko, jatorrira joan behar da, AEBn hasitako hipoten krisira”. “Kate efektua” gertatu eta krisiaren eragina finantza merkatuetatik ekonomia errealera hedatu da. “Horrek eragin zuzenena eraikuntza sektorean izan du, baita honen inguruko sektoreetan ere; eskualdean, esaterako, egurrean eta altzarigintzan”. Urangaren arabera, “ekonomiaren hazkundea motelagoa da, eta kredituak lortzeko oztopoak daude. Bestetik, kontsumoa jaisten ari da. “Morosidadea”, berriz, areagotu egin da.

Finantza krisia, ELAkoen esanetan, eredu neoliberalaren ondorio zuzena da, eta “administrazioek babestu eta bultzatu duten eredua da, baita euskal adminis- trazioek ere”. Sindikatukoen esanetan, “ereduak porrot egin du”. Batetik, aberastasuna banatzeko garaian, pobreak oraindik ere pobreagoak egin ditu; “hori lehendik ere bagenekien, eta gaur egungo egoerara heldu aurretik, alternatibarik ez zegoela zioten”.