ETAk hitza lapurtu dio Azpeitiko herriari

Juankar Arellano (Azpeitiko Aralarreko zinegotzia) 2008ko abe. 12a, 18:12

Astebete pasa da jada. Hilketa bat Azpeitian, Inazio Uria bi tiroz eraila. Aste oso bat. Eta aste honetan, giza eskubideen 60. urteurrena ospatzen dugu. Benetan ironikoa egoera. Baina egoera hau Azpeitian bizi dugunok ezin dugu ospatu. Eta ez, nahi ez delako. Egoera tristea da, goibela, eta oraindik asimilatzeke dugu gertatutakoa. Denbora beharko da, denborak dena sendatzen duelakoan. Hausnarketa egin behar da. Agian ez da nahiko denbora pasa hau gauzatzeko, baina nire barruak beste zerbait eskatzen dit. Agian amorrua dut oraindik, eta ezin dut isilik gelditu.

ETAk Azpeitiko herriari hitza lapurtu diola esatera ausartzen naiz. Urte eta erdi da hirukoak Azpeitiko Udalaren gobernu berria osatu zuenetik. Denbora guzti honetan aldaketak izan dira, agian denon gustukoak ez direnak, baina zenbait gauza irauli egin dira. Ezkerreko politika, azkenik, iritsi da Udalera. Aurrerakoia, sozialki orekatuagoa, etab. Baina... bi tirok guzti hau pikutara bota dute. Bi tirok Inazio hil dute. Ilusioa, aurrera begirako esperantza, aldaketa... Bi tirok Gobernu honen zilborrestea eten eta odol hustu egin dute. Azpeitia ezkerreko gobernurik gabe gelditu da.

Errudun bakarra ETA izan da. ETAk hitza lapurtu dio herriari. Eta ez naiz isilduko. Gizarte zibil honi armak erabiltzen dituen talde burugabe honek bere indarkeria inposatu nahi izan dio. Ez, ni ez nago ados. Nire arma bakarra hitza da eta herriak hitz egin zuen bere garaian eta demokratikoki gobernu aldaketa gauzatu zuen. Garai hartako arazo guztien gainetik. Gaur Azpeitiko herria hitzik gabe gelditu da, baina isiltasunean, garrasi ozena gauzatu zuen. Zorionak Azpeitia. Oraindik badaukagu zer esana. Guztion lana da berriro gure hitza harro eta irmo adieraztea. Bakoitzak bere bakardadean, taldeka, bere lanean, bere eginkizunetan, egunerokotasunean lan egin eta pixkanaka-pixkanaka gauzak bere onera etorri direlakoan nago. Ahal dugu eta lortuko dugu. Ausardia behar da. Giza eskubide guztiak guztiontzat behar ditugu.

Nahiko sufrimendu badugu. Lau azpeitiar lurperatu ditugu, gatazka honen izenean. Indarkeri merkea, jipoiak, torturak, mehatxuak... Zazpi lagun kartzeletan eta beste hainbat Azpeititik kanpo. Ez dugu nahikoa? Gehiago sufritu behar dugu? Gure arteko borroka honek ez du inolako zentzurik. Ze gustura dauden gure arteko liskarrekin. Gizarte zibila da bide bakarra.