EAk babestu egingo du zentsura mozioa, eta EAJk hartuko du alkatetza

Uztarria.eus 2008ko abe. 11a, 20:12
Julian Eizmendi, 2007ko apirilean, Zelai Luzen.

EAJk eta biek bilera egin dute gaur, Gasteizen; Julian Eizmendi izango da alkate berria, Iñaki Errazkinen partez

EA ez da sartuko udal gobernuan EAJrekin, eta honek gutxiengoan gobernatuko du

"Inazio Uria herriko semearen hilketa gaitzestu ez duen alkateak ezin du egon kargu horretan", dio EAk

Julian Eizmendi EAJko kidea izango da Azpeitiko alkate berria, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko taldeko kidearen partez. Izan ere, gaur (osteguna) 17:54an EAk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, EAJren zentsura mozioaren proposamena babestea erabaki du. Hala, biek aurkeztuko eta aterako dute aurrera mozioa. Eizmendi 2003-2007 legealdian ere izan zen Azpeitiko alkate; frankismoaz geroztik, 1979tik 2007ra arte beti EAJkoa izan zen herriko alkatea.

Dena den, EA ez da sartuko udal gobernuan EAJrekin, eta honek gutxiengoan gobernatuko du. Oposizioan geratuko da Eusko Alkartasuna.

"Inazio Uria herriko semearen hilketa gaitzestu ez duen alkateak gobernatzen jarrai ez dezan sartuko dugu EAJrekin mozioa", dio EAren oharrak. ETAk hil zuen Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua, abenduaren 3an, Loiolan, tiroz. "Alkate horrek ezin du kargu horretan egon. Beharrezkoa da aldaketa ahalbidetzea", esan du EAk gaur arratsaldean.

Lehengo asteazkenean bertan EAk udal gobernutik irten zuen, eta gaur hartu du gaurko alkatea kentzeko erabakia.

EAk ETA kritikatu du prentsa oharrean, "ANVk eta EAk klabe abertzale eta aurrerakoian Azpeitian egindako lana hankaz gora bota duelako".

Goizean egin dute bilera, Gasteizen

EAJk eta EAk bilera egin dute gaur goizean Gasteizen, Inazio Uriaren hilketa dela-eta Errazkin alkatearen aurkako balizko zentsura mozioaz hitz egiteko.

EAJtik Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidentea eta Pello Elorza Azpeitiko EAJko lehendakaria egon dira bileran, eta EAtik Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina zuzendaritzakidea.

EAJ lehengo astetik prest azaldu da mozioa sartzeko, baina gutxienez beste zinegotzi baten babesa behar du. Izan ere, zentsura mozioa aurkezteko eta honek aurrera irteteko gehiengo osoa behar da, eta EAJk ez du halakorik Azpeitiko Udalean. Zortzi zinegotzi ditu eta bederatzi behar dira, hamazazpi zinegotzik osatzen dutelako herriko Udala. EAk bi hautetsi ditu eta Aralarrek bat. Ezker abertzaleko taldeak —horko kide da Errazkin alkatea—, sei.

Aralarrek joan den asteburuan jakinarazi zuen ez duela halako moziorik babestuko.

Ezker abertzaleko taldea Uriaren hilketaz geroztik bakarrik dago udal gobernuan, EAk eta Aralarrek utzi egin zutelako, talde hark gaitzespenik ez zuelako egin. Iazko ekainetik egon ziren hirurak gobernuan.