Inazio Uria zenaren senide eta lagunek bilkura egin dute ETAk hura hil zuen tokian

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 10a, 17:12
Inazio Uriaren senide eta lagunak, gaurko elkarretaratzean (Urola Kostako Hitza)

Gabonak bitartean asteazkenero biltzeko asmoa dute, elkarretaratze "intimo eta familiartekoan"

"Gizarte osoaren aurrean" duten "mina" agertu nahi dute "eta, bide batez, Inazioren oroimena aldarrikatu"

Inazio Uria zenaren familiakoek eta lagun hurbilek gaur (asteazkena), 13:00etan, ordu laurdeneko elkarretaratze isila egin dute Loiolan, ETAk hura tiroz hil zuen toki eta ordu berean; gaur astebete da ETAk tiroz hil zuela Altuna y Uria enpresako buruetako bat zena. Uriaren senitartekoek eta lagunek Gabonak bitartean asteazkenero biltzeko asmoa dute, sentitzen duten samina adierazi eta haren oroimena bizirik gordetzeko.

Familiak ohar batean adierazi duenez, "familiak ez du Inazio ahaztu nahi" eta horretarako astero bilkura isila egingo dute. Ekitaldi honen berri eman nahi izan du Uriatarren familiak, "gizarte osoaren aurrean" duten "mina" agertu nahi dutelako, "eta, bide batez, Inaxioren oroimena aldarrikatu". Aldi berean, elkarretaratzearen "izaera intimoa eta familiartekoa" errespetatzeko eskatu dute. "Familiaren nahia denak elkartuta agertzea da, Inaxio eraila erori zen leku berean eta gure artetik kendu duten senideari diogun maitasuna eta oroitzapena agertzeko", dio familiak. Nahiz eta leku publikoan izan, "ekitaldia familia barnekoa" den aldetik, ulermena eta onarpena eskatu diete lagunei eta auzotarrei.

Uriatar familiak aste honetan jasotako laguntza eta elkartasun agerraldiak eskertu ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiogu, beilatokira eta hileta-elizkizunera etorri edota elkarretatzeetan eta Inaxio agurtu zuen manifestazio ahaztezinean parte hartu zuten azpeitiar guztiei, euskal gizarteari eta erakunde politiko, enpresarial eta sindikalei. Baita ere, Inazio Uria edota bere enpresa ezagutzen zuten pertsonei eta enpresa munduko erakunde guztiei ere, gaurko egunean ere jasotzen ari garen dolumin eta saminezko mezuak etengabeak baitira".

Hilaren 15ean (astelehena) egingo dute Inazio Uriaren aldeko hurrengo omenaldia. Orduan irekiko dute Azpeitiko epaitegi eraberritua, eta Eusko Jaurlaritzak Uria zena omenduko du.

Inazio Uria zenaren familiakoek eta lagunek gaur egin duten bilkuraren bideoa hemen