Azpeitiko Merkatari Elkartearen izena 'Bertan' izango da

Uztarria.eus 2008ko abe. 10a, 13:12

Atzo (asteartea) aurkeztu zuten elkartearen izena eta irudi berria, Iñaki Martinezek egindakoak

Elkarteak 122 kide ditu

Bertan izango da Azpeitiko merkatari elkartearen izen berria. Elkarte berriak bere izena eta irudia aurkeztu zituen atzo, asteartea, prentsaurrekoan. Bertan elkartu ziren elkarte berriko kideak eta Iñaki Martinez, izena eta irudi berriaren egilea.

Jose Luis Legarda-Ereño elkartearen lehendakariaren esanetan, aurreko astean erabaki zuten zein izango zen izena. "Eztabaida izan zen izena aukeratzerako orduan. Azkenean Bertan erabaki genuen, hitz bakar horrek gauza asko adierazten dituelako". Izan ere, aukeratutako izenarekin idei zehatz bat zabaldu nahi dute: "Bertan bizi, bertan erosi".

Iñaki Martinez da merkatari elkartearen izenaren eta irudiaren egilea. Martinezek adierazi zuenez, izen labur batean pentsatu zuen hasieratik. Irudiari dagokionez, gezi batzuk dira, "bertan erosteko adierazten dutenak". Elkarteko denda guztietan irudia jarri dute dagoeneko.

Gabonetako kanpainia

Dagoeneko martxan da Bertan-ek abiatutako gabonetako kanpainia. Bertan elkarteko edozein dendatan erosketak egitearen truke erosketa txartelak emango dituzte, 5, 10, 20 eta 30 eurokoak. Txartel horiek edozein dendatan aldatzeko aukera izango da, urtarrilaren 5a baino lehen.

Datorren urteari begira, beste ekimen batzuek egiteko asmoa dute. Legarda-Ereño adierazi zuenez, "fidelizazio txartela ateratzeko asmoa dugu hurrengo urtearen hasieran".

Azpeitian 300 denda baino gehiago daude gaur egun eta horietatik 122 Bertan-eko kide dira.

Oharra: Uztarria herri aldizkariko abenduko zenbakian Bertan elkarteari buruzko erreportajea dago. (Irakurri)