Daniela Dominguezek lortu du Ezker Hormako Emakumea Pilotariko txapela

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2008ko abe. 2a, 09:12

Naroa Urbieta eta Oihana Unanue, berriz, azpitxapeldun izan ziren, bigarren eta lehen mailan, hurrenez hurren

Finaletan jardun zuten sei pilotarietatik hiru azpeitiarrak dira

Ezker Hormako III.Emakumea Pilotari txapelketako finalak larunbatean jokatu zituzten Zarautzen.  Argazki originala

Daniela Dominguez azpeitiarrak bigarren mailako Ezker Hormako III. Emakumea Pilotari txapelketa irabazi zuen larunbatean, Zarauzko Aritzbatalde frontoian. Leire Lucas izan zuen lagun Dominguezek, eta hauek 30-12 irabazi zioten Naroa Urbieta azpeitiarrak eta Garbiñe Tijerok osatutako bikoteari.

"Aurkariak ez ziren fin aritu. Entrenamenduetan Naroa Urbietak oso txukun jokatzen du, baina finalean urduritu egin zen eta ez zitzaizkion gauzak behar bezala atera", azaldu du Dominguezek. Urbietak ere gauza bera nabarmendu du: "Ez ginen ongi jardun eta ez genuen batere gozatu. Hala ere, pozik nago finalera iritsi naizelako". Dominguezek, bere aldetik, konfiantza handiz jokatu zuen: "Ongi pasatzera joan nintzen eta zortea gure alde izan genuen".

Bigarren mailako finala hasi aurretik, giroa berotze aldera, Zarauzko Nesken Paleta Eskolako pilotarien erakustaldi izan zen ikusgai. Finaleko lehenengo partida jokatu ondoren, lehen mailako pilotariak kantxara atera ziren euren norgehiagoka jokatzera.

Unanueri txapelak ihes

Bigarren urtez jarraian, Oihana Unanue azpeitiarrari ihes egin zion lehen mailako txapelak; azpeitiarrak Estitxu Pierolarekin jokatu du aurten. Lehen mailako txapela Uxue Fernandez eta Ainhoa Montes bikoteak jantzi zuen, neurketa luzea, gogorra eta parekatua jokatu ondoren. Azken emaitza 30-24 izan zen.

"Txapela esku-eskura izan genuen, baina azken txanpako hutsegite batzuen erruz, galdu egin genuen. Azkenean, akats gutxien egin zuenak irabazi zuen txapela", dio Unanuek. "Jaialdi polita izan zen. Jende dezente hurbildu zen eta horiek gustura jarraitu zuten saioa. Nik asko gozatu nuen, behintzat".

Udalaren laguntza falta

Finalean jardun zuten sei pilotarietatik lau Azpeitiako Ikasberri taldeko kide dira: Daniela Dominguez, Naroa Urbieta eta Oihana Unanue azpeitiarrak, eta Uxue Fernandez urretxuarra.

Laukoteak elkarrekin entrenatzen du asteszkenero Frontoi Txikin, baina ez dute bide erraza eduki: "Federazioa lan handia egiten ari da neskak frontoietara gerturatzeko, baina Azpeitiko Udalaren aldetik ez dugu babesik jaso. Entrenatzeko ordu bat eduki ahal izateko ia-ia belaunikatu egin behar izan dugu. Gainera, egun hori ez da geuk aukeratutakoa, beraiek jarritakoa baizik", jakinarazi du Unanuek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu