Azpeitiko osasun etxeak arazoa du pediatria zerbitzuarekin

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2008ko aza. 28a, 10:11

Azkoitian egoera antzekoa da; denbora batez pediatra bakarra egon da bi herrietarako

Bajan dauden pediatren ordezkapenak egiteko pediatrarik ez dago eta familia medikuek ematen dute zerbitzua

Azpeitiko eta Azkoitiko anbulatorietan pediatriako mediku zerbitzua emateko arazoak dituzte, pediatrak falta baitira. Gipuzkoako Mendebaldeko Zuzendari Mediku Juanma Sanzok Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, Azpeitiko eta Azkoitiko anbulatorioetan bajan dauden pediatrak ordezkatzeko "arazo asko" dituzte azken boladan.

Azpeitiko eta Azkoitiko anbulatorioetan bina pediatra daude. Azkoitikoan, bi pediatrak bajan egon dira aldi berean, eta Azpeitian ere duela hilabete batzuetatik pediatretako bat bajan dago. Beraz, denbora batez bi herrietarako pediatra bakarra egon da lanean, eta orain, gainera, honek ere egun batzuetarako oporrak hartu ditu. Hala ere, Azkoitiko pediatra bat lanera itzuli dela azaldu du Sanzok, "eta datorren astean bestea ere lanean hasiko delakoan gaude". Azpeitian bajan dagoena ere laster lanera itzuliko delakoan daude, "baina, gaixotasun baja da eta ez dago esaterik justu zein egunetan itzuliko den lanera".

Familia medikuak

Kontua da, ordea, pediatrak bajan daudenean, hoien tokia beste pediatra batzuekin betetzeko arazoak dituztela, pediatren falta dagoelako. "Pediatren behin-behineko ordezkorik ez dago, eta haien lana beste pediatra batek egitea zaila da gaur egun". Beraz, pediatraren bat falta denean, mediku familiek egiten dituzte ordezkapenak.

Gainera, pediatren ordezko lana mediku familiek egitea ez da oraingoxeko kontua. "Aspalditik gaude pediatren faltan eta haien ordezkapenak familia medikuek egiten dituzte", azaldu du Sanzok. Dagoeneko beste osasun zentru batzuetan pediatren ordez mediku familiak daudela azaldu du Zuzendari Medikuak, lanpostu finkoarekin: "Hemen, eskualdean, ez dago horrelako kasurik, baina Gasteizen eta Bilbon dagoeneko badaude horrelako kasu batzuk".

Hala ere, Azpeitian egunero 24 orduz mediku zerbitzua bermatuta dagoela azpimarratu du Sonzek. "17:00ak arte, pediatriako larrialdietako zerbitzua ematen da eta, ondoren, 17:00etatik 08:00etara mediku zerbitzua dago. Beraz, mediku asistentzia 24 orduz bermatuta dago".

Pediatra falta dagoelako, Azkoitian larrialdirako arratsaldetako zerbitzua kendu egin dute. Azkenaldi honetan, Azkoitian haurren batek medikua behar badu arratsaldez, Azpeitiko anbulatoriora eraman behar dute. Orain dela hilabete batzuk arte, arratsaldetako pediatria zerbitzua Azkoitian eta Azpeitian txandaka egiten zen.

Azkoitian kexa gehiago

Norbaitek mediku zerbitzuez kexaren bat egin nahi izanez gero, idatziz egiteko aukera du anbulatorioetan. Horretarako agiri batzuk dituzte eskuragarri anbulatorioetan bertan. Sanzoren esanetan, "azkenaldian Azkoitiko eta Azpeitiko anbulatorioak ez dago egoerarik onenean eta kexa batzuk jasotzen ari gara, batik bat Azkoititik".

Bidali:  

Erantzunak

jon | 2008-11-28 : 17:11

guztiz onar ezina da bi herrien artean 25mila lagun bizi eta pediatra bakarra eta batzuetan bat ere ez egotea. orain dela gutxi arte forense bat jardun da pediatra lanak egiten? nun kristo daude Osakidetzako agintari potolontzio horiek orain? ez al da euskal herrian langabezian dagoen pediatrarik bi herri hauetako haurren eskaerak hartzeko?
Benetan Prentsak zalatu beharko luke gogor egoera hau, ze nahiz eta guk kexa pila bat jarri ez digute jaramonik egiten

txuri | 2008-12-01 : 12:12

Ez dago eskubiderik pediatrarekin egiten ari direnarekin, bat gaixorik dagoelako mediko forensea jarri digute, eta berak umeen gaixotasunak ezin asmatuan dabil, lagun batek eman zuen orain dela gutxi eta katarro sinple bat zuela esan zion, gauen umeari kalentura ezin jeitsi eta Zumarragako Hospitalera eraman zuten, han esan zioten grabea ez zela, baino antibiotikoa behar zuela, daukagun medikua medikua izango bazen, horretarako kapaza ere izango zen, baina ez. Hartu beharko dituzte ba medioak hau aldatzeko, edo bestea etorri arte horrela egon behar gera? Gainera ez ahal dugu Osakidetza pagatzen, eskubide bat dugu ezta, pediatra bat izatea, eta ze egin behar dugu umeak gaixotzen badira, hospitalera jo? edo pribatuko medikuarena jo? Lotsagarria da!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu