Landetako festak larunbatean hasiko dira bertso afariarekin

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 27a, 10:11

Igandean, Martin Mendizabal landetarra aizkoran ariko da Mendizabal II.a, bere osaba, lagun hartuta

San Eloi Egunean, astelehena, auzotarrek bazkaria egingo dute

Etzi, larunbata, hasiko dira Landetako San Eloi festak. Urtero bezalaxe aurten ere bertso afariarekin ekingo diote jai giroari. Igandean, berriz, haur jolasen ondoren, herri kirol erakustaldia izango da eguerdian. Aurtengo honetan, landetarra den Martin Mendizabal aizkoran jardungo da, osaba bikotekide duela.

Aizkoran lehen ere jardundakoa dela dio Martin Mendizabalek, eta orain pixka bat festetarako prestatzen jardun duela, "baina denbora falta dut nik, entrenatzeko nondik denbora aterako ibili naiz".

Mendizabalen esanetan, inguruan batzuk baditu desafioa noiz botako. "Agian, festak eta gero aizkoran segitzen badut, desafioren bat izango dut, inguruan batzuk horretarako desiatzen dauzkat eta", dio.

Landetan San Eloi jaiak

Azaroak 29, etzi. 21:00etan, bertso afaria, Mendizabal tabernan. Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Jexux Mari Irazu. Afarirako izena emateko Mendizabal tabernara jo behar da.

Azaroak 30, igandea.

  • 12:00etan, haur jolasak.
  • 13:00etan, herri kirolak: harri-jasotzen, Aimar Irigoien eta Juan Joxe Unanue Goenatxo. Aizkoran, Larretxea-Arrospide eta Mendizabal III.a-Mendizabal II.a.
  • Ondoren, Landetako erretiratuen bazkaria, Egizale elkartean. Bertan, Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute giroa.

Abenduak 1, astelehena. San Eloi Eguna.

  • 14:30ean, auzotarren bazkaria, Lau Bide jatetxean. Bazkaritarako izena Lau Bide jatetxean eman behar da. Bertan, Loidisaletxe eta Gorrotxategi bertsolariak eta trikitilariak ariko dira.
  • Arratsaldean, trikitilariekin kalejira.