Fernando Morillo: "Etengabe nire baitan istorioak muntatzen ari naiz eta hori ona da"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 26a, 11:11
Fernando Morillo idazlea.

Atzo (asteartea), Zure animaren truke eleberria aurkeztu zuen Bilbon

Durangoko Azoka bezperetan hiru liburu argitaratuko ditu Fernando Morillok

Atzo aurtengo hirugarren liburua aurkeztu zuen Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) idazleak Bilbon. Lan eta lan ari da, idatzi eta idatzi, baina benetan gustura, idaztea, istorioak kontatzea maite duelako. Joan den ostiralean Egun beltzetan, jolas beltzak Erein argitaletxearekin ateratako eleberria aurkeztu zuen. Atzo, berriz, Txalaparta argitaletxearekin argitaratu duen Zure animaren truke. Baina, Durangoko azokarako beste bat ere prestatuko du, Leonardoren hegoak izenburuarekin eta Ibaizabal argitaletxearekin argitara emango du hori.

Durangoko Azokaren bezperetan hiru liburu kaleratuko dituzu. Hara nolako ekoizpena, ezta?

Egia esanda, ezin naiz kexatu, oso gustura ari naiz eta. Lagunen batek edo bestek makalago idazteko ere esan dit, dena irakurtzeko denborarik ez diedala ematen eta.

Oraindik liburuetako bat aurkezteko daukazu, baina hura kontuan hartuta aurten dagoeneko lau liburu eman dituzu argitara.

Askotan, zirriborro pilo bat edukitzen dut; orain ere, erdi eginda edukiko ditut bateren batzuk. Ez dakidana da noiz bukatuko ditudan, igoal hiru batera edota banan-banan. Orain hiru egokitu dira eta primeran, ni oso gustura. Horrek ez du esan nahi lan handiagoa egin dudanik edo ez, halaxe egokitu da. Erdi eginda igoal bozpasei ditut, eta auskalo noiz bukatuko ditudan, igoal hilabete bat, bi edo urtebete beharko ditut.

Ni idazten hasi nintzen, eta gustura nengoen, gustuko nuelako. Nire burua ezagutzeko oso modu ona zela ikusi nuen. Etengabe nire baitan istorioak muntatzen ari naiz eta niretzako hori ona da.

Orduan, beti boligrafoa eta papera gainean behar, ezta?

Boligrafoa ohar txikiak hartzeko, baina normalean agenda elektronikoa erabiltzen dut, paperak alde guztietan galtzen bainituen.

Atzo, Bilbon, Zure animaren truke liburua aurkeztu zenuen. Zuretzako eleberri berezia dela diozu, zergatik?

Ni oso zientziazalea naiz eta thrillerrak-eta asko gustatzen zaizkit. Gloria Mundi liburua atera nuenean, han bide hori egiten saiatu nintzen, eta izandako emaitzarekin oso gustura gelditu nintzen. Berriro bide horri heltzeko gogoarekin nengoen, eta zentzu horretan izan da berezia. Berriro zientzia sartu dut, eta thriller-a ere bai. Gustura egin dut.

Bilbon aurkeztu duzu, Azpeititik urrutitxo. Eta liburu horren zatirik handiena Bilbon egin duzula diozu. Nolatan?

Erabat nomada nabil azkenaldian. Bi urte Hernanin egon naiz bizitzen; gero Bilbon ibili naiz hilabete batzuetan eta gaur egun Kantabrian nabil. Ez dut geldirik egoterik nahi, gainera. Liburu hau neurri handi batean Bilbo inguruan idatzi nuen.

Ipurterre zabiltza orduan?

Bai, eta hala ibili nahi dut; hurrengo 50 urteetan ere halakoa izatea nahi dut.

Aurreko astean ere beste liburu bat aurkeztu zenuen, Egun beltzetan, jolas beltzak. Kasu honetan ere, aurreko idatzi bati erreferentzia egiten diozu, Gudaoste ametsak ipuinari hain zuzen ere.

Bai, ipuin hori orain dela bederatzi urte-edo idatzi nuen. Batzuetan istorioak hor gelditzen dira, barruan, eta bueltaka eta bueltaka neukan. Orain pare bat urte-edo indartsuago egin zen eta orduan froga egitea erabaki nuen. Nire doinua normalean beste era batekoa da, arinagoa-edo, elkarrizketa gehiagorekin... Honek, ordea, patxada gehiago eskatzen zidan. Liburu honek istorio luzea dauka.

Orduan patxada gehiagoko liburua da, ezta?

Intentsitatea istorioak beraiek daukate, baina elkarrizketa ez da hain ugaria. Liburu laburra da, baina zortzi-bederatzi istorio biltzen ditu. Mugimendu handia du, baina mugimendu dramatikoa dela esango dugu. Gainera, narratzailea bera adinekoa da eta zentzu horretan da patxadatsuagoa.

Baina narratzailea adinekoa izan arren, zure beste liburu askotan bezala, gazteen gaiei heldu diezu oraingo honetan ere, ezta hala?

Bai, bai, hori bai. Dena ezin dut aldatu. Gainera, adinekoa denez, bere gazte kontuak beste ikuspuntu batetik ikusten ditu narratzaileak. Baina niri gazteen zalantzak eta beldurrak... gustatu egiten zaizkit. Idazle batentzako tentsioa ezinbestekoa da, eta adin horrek tentsiorako leku, zirrikitu, asko uzten du eta gustatzen zait. Liburu oso gordina da, baina nik uste dut samurtasunetik ere asko duela, eta ondo pareketu ditudala.

Durangoko Azokarako aterako dena eta aurkezteko duzun hurrengo liburua Leonardoren hegoak da. Hirugarren honetan ere, zuk aurrez idatzitako liburu bat ekartzen duzu gogora, hain zuzen Leonardo da Vinci-ren biografia liburua.

Nik, Leonardo lehendik miresten nuen. Gero, biografia idatzi nuenean, konturatu nintzen oraindik jakiteko gauza asko nituela. Eta oraindik ere aterako da Leonardo nire liburuetan; horrekin ezin da amaitu. Leonardo amaigabea da. Leonardoren hegoak ere gazteentzako eleberri bat da, eta hemen egitura garatuxeago dago, baina ekintza oso bizia da, eta oso gustura nago geratu zaizkidan nolabaiteko mezuekin; ez da moralismoa, baina mutilak arazoak ditu eta Florentziara joaten da eta artistak, filosofoak... ezagutu eta abentura ero, zoro, bitxi eta zelebre batean sartuko da. Bere burua bilatu, probatu beharko du. Asko gustatu zait liburua nola gelditu den.

Zuk gazteentzat asko idatzi duzu eta gazteen gaiak, arazoak, landu dituzu liburuetan. Baina zu ere adinean aurrera zoaz...

Bai, baina ez da horrenbeste aldatzen den kontua, aldatzen dena mozorroa, kanpokoa, da. Ni txikia edota gaztea nintzenean neuzkan arazoak eta gaur egungo gazteekin hitz egitean kontatzen dizkidatenak oso-oso antzekoak dira. Dena da nahasmena, sentimenduak, lanak, lagunak... Ni oso saltseroa izan naiz gaztetatik, eta orduan gai asko gelditu zitzaizkidan barruan. Gaur egun ere eskoletan-eta asko ibiltzen naiz, eta galdezka ibiltzen naiz eta kontu horiek asko ez direla aldatu ikusten dut. Gainera, beti gatazka dagoelako gustuko ditut gazteen gaiak; alde batetik inozentea eta beste alde batetik, berriz, gordintasuna. Niri idazteko aukera ematen dit. Zure animaren truke eleberria, berriz, ez da horrenbeste gazteentzako, beti ere aldatzen saiatzen naiz.

Fernando Morillo

Liburuak.

  • Gudaoste ametsak. Kutxa, 1999.
  • Bila nazatela. Ibaizabal, 1999.
  • Sexu egunsentiak. Elkar, 2000.
  • Erraldoi herrena. Alberdania, 2000.
  • Bihotz nahasiak. Ibaizabal, 2001.
  • Ortzadarra sutan. Elkar, 2002.
  • Izar-malkoak. Aizkorri, 2002.
  • Dorretxe zaharreko misterioa. Ibaizabal, 2002.
  • Leonardo da Vinci-ren biografia. Elkar, 2003.
  • Arriskupean!. Ibaizabal, 2003.
  • Eta ni zer?. Elkar, 2003.
  • Gloria Mundi. Elkar, 2004 (euskaraz). Tartalo, 2005 (gazteleraz).
  • Idoiaren agenda/ Gariren agenda. Elea, 2005.
  • Dragoiaren orroa. Elkar, 2005.
  • Andoitz eta Lurralde Ezkutuak. Ibaizabal, 2007.
  • Iratiko sorgin basatia. Ibaizabal, 2007.
  • Seximenduz. Elkar, 2007.
  • Suminaren estrategia. Elkar, 2008.
  • Leonardoren hegoak. Ibaizabal, 2008.
  • Egun beltzean, jolas beltzak. Erein, 2008.
  • Zure animaren truke. Txalaparta, 2008.

Sariak.

  • 1999. urtean, Donostia Hiria irabazi zuen Gudaoste ametsak ipuinarekin.
  • Beasaineko Igartza Literatur beka; Ortzadarra sutan liburua idatzi zuen hari esker.
  • CAF-Elhuyar Dibulgazio-lehiaketan pare bat sari jaso ditu.
  • Gabriel Aresti Bilboko sarian ere beste pare bat sari.
  • 2003an, Euskadi Saria, Izar-malkoak liburuarekin.