Manuel Lasarte bertsolariaren antologia argitaratu du Iñaki Zubizarretak

Berria 2008ko aza. 26a, 11:11

"Sufrimendutik sortutako obra da", dio egileak

Auspoa bildumako liburuak erabili ditu lana osatzeko

Manuel Lasarte bertsolariaren bertsoak eta prosa lanak batzen dituen bilduma osatu du Iñaki Zubizarreta azpeitiarrak, Manuel Lasarte. Iturria ondare izenburua duen liburuan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak argitaratu du, Auspoa bilduman: bildumako 311. liburua da. Liburuarekin batera, Lasarteren bertso hautatuekin osatutako disko bat kaleratu dute.

Auspoa bilduma euskal herri literaturaren gordailu oparoa da. Lasarteren lana bildumako zortzi liburutan eman da ezagutzera; Zubizarretak osatutako antologia litzateke bederatzigarrena. Hain zuzen ere, Auspoa bildumako liburuak erabili ditu, gehienbat, Zubizarretak antologia osatzeko orduan.

Manuel Lasarte 1927an jaio zen, Leitzako (Nafarroa) Franki baserrian. Hamazazpi urterekin hasi zen bertsotan eta 40 urte baino gehiago eman zituen plazan. Zubizarretak hitzaurrean dioenaren arabera, "sufrimendutik sortutako obra" da Lasarterena, eta harrigarria, "eskolarik eza, lan nekagarria eta osasun urria" kontuan hartuz gero. Liburuan, Lasarte "seme zintzoa, lanean hezia, oinazeak zaildua, bertsolari paregabea, guraso arduratsua, aitona karinosoa..."; guztiak aurki daitezke.