Nuarbeko urtegia gainezka dago eta ibaiak hazita datoz

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 25a, 10:11
Ibaieder urtegian ura gainezka atzo (astelehena) eguardiko 13:00etan. (Nerea Uranga)

Azken egunetako euri jasen ondorioz, Oria eta Urola ibaiak alarma mailatik gora zeuden atzo (astelehena)

Urtegia %100 dago beteta, aurten hirugarrengo aldiz

Ibaiak hazi-hazi eginda daude, azkenaldian egindako euri jasen ondorioz. Eta atzo goizaldeko 01:15etik Nuarbeko Ibaieder urtegia gainezka egiten ari da; bete-bete eginda dago, 223,48ko kotan.

Gainera, atzo goizean euri jasek hainbat gorabehera sortu zuten eskualdean. Meagako errepidean, luizi bat izan zen, baina berehala garbitu zuten errepideko langileek. Bestetik, 08:30ak inguruan Aizarnazabalen, Zubialde industrialdetik gertu, auto istripu arin bat izan zen. Azkoitiko parrokian, berriz, euri jasen ondorioz ura sartu zen eta lehortzen jardun zuten, goizean.

Ibaieder "kontrolpean"

Ibaieder urtegia gainezka egiten ari da, baina Gipuzkoako Urak-eko Mikel Zubizarretaren esanetan, "kontrolpean" dute. Ostiraletik urtegia husten hasteko baimena eskatuta dute. "Guk gure kabuz ezin dugu erabaki urtegia husten hastea, horretarako Eusko Jaurlaritzatik jaso behar izaten dugu agindua. Euskalmeten iragarpenak eta ibaien egoerak ere kontuan hartzen dira urtegia husten hasi aurretik".

Atzo, astelehena, Oria eta Urola ibaiak alarma mailatik gora zeudela azaldu zuen Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek. Goizean Oria ibaia 2,05 metrotan zegoen eta uholde maila 2,20 metrotan dago. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Larrialdi Planaren lehen fasea jarri zuen atzo martxan.

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar arte behintzat eguraldi kaskarra izango da. Gaur tenperaturak behera egingo du eta elur maila arratsaldean 500 metrotan kokatu dute.

Ibaieder urtegiko datu batzuk

  • 2006ko urtarrila: %91,4 beteta. Ibaieder urtegian ura ia goraino zegoen: %91,4. Orduan, ur jasak eta elurra egin zituen.
  • 2006ko abuztua: %69. Urtegia %69 beteta zegoen.
  • 2006ko azaroa: %35,23. Baxu zegoen urtegia, %35,23an.
  • 2007ko urtarrila: %32, 39. Urtegia baxu zegoen, inoiz ez bezala: %32,39 beteta.
  • 2007ko martxoa; %100. Otsailean beheko mailan zegoen urtegia eta martxoaren 27an, berriz, %100 beteta. Hustu egin behar izan zuten, uraren maila bi metro jaitsi arte. Bi elurte egin zituen 2007an: bata urtarrilaren bukaeran eta, bestea, martxoaren bukaeran.
  • 2008ko otsaila; %57,83. Neguan ur gutxi egin eta nahiko lehor zegoen. Urtegia otsailaren 25ean %57,83 beteta zegoen. Urtebete lehenago ere (2007ko otsailaren 22an) antzeko zegoen, %58,22 beteta.
  • 2008ko apirila; %100. Nuarbeko Ibaieder urtegia gainezka zegoen, %100 baino gehiago beteta. Orduan, Gipuzkoako Urak-eko kide Mikel Zubizarretak azaldu zuenez, husteko asmorik ez zuten, «urtean behin gainezka egitea ona da. Urak gainaldean materia organikoa edukitzen du, eta gainezka egiten duenean garbitu egiten da».
  • 2008ko ekaina; gainezka. Ibaieder urtegia bi egunez husten jardun zuten. 2008ko ekainaren 9an, %100 beteta zegoen urtegia eta bi egunez husten jardun zuten.
  • 2008ko azaroa; gainezka. Atzo goizaldetik Nuarbeko urtegia gainezka egiten ari da.