Neli taldeak aurrera egin du Bertso Parrandan

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 24a, 10:11
'Neli' taldeko Nekane Zinkunegi, Eneritz Artetxe eta Lide Rekondo. (Ixabel Jauregi)

Hirugarren kanporaketa saioa Txanboiek eta Neli taldeek jokatu zuten ostiralean

Datorren ostiralean azken kanporaketa jokatuko dute Bax eta Zapio taldeek

Bertso Parrandako hirugarren kanporaketa saioa jokatu zuten herenegun iluntzean Azpeitiko Korrale tabernan. Txanboiek (Xubi, Xabier Olaizola Agite eta Arkaitz Zelaia) eta Neli taldeak (Nekane Zinkunegi, Eneritz Artetxe eta Lide Rekondo) jokatu zuten bertan. Azkenean, nesken taldeak lortu zuen finalaurrekoetara pasatzea. Taberna jendez beteta egon zen bertso saioak iraun zuen bitartean. Neli taldeko Nekane Zinkunegiren esanetan, "ez genuen egundoko saioa egin, baina aurrera pasatzea lortu genuen eta gustura gaude. Agurreko bertso batzuk prestatuta eraman genituen eta haiekin jendeak barre pixka bat ere egin zuen".

Datorren ostiralean, Azpeitiko Txarrantxan aurrera egiten duen taldearen kontra jokatuko du Neli taldeak Bertso Parrandako finalaurrekoa, abenduaren 5ean, Azkoitiko Zurt tabernan. Txarrantxan Bax eta Zapio ariko dira.