Iokin Otaegi: "Ruandan bizi izan nuena hustu, garbitu eta baketu beharra nuen"

Ibai Maruri ('Berria') 2008ko aza. 22a, 19:11

Hutuen eta tutsien arteko gatazka bizi izan ondoren, Euskal Herrira itzultzean Rwanda, bihotz minez liburua idatzi du

Misiolari lasalletarra 1987an joan zen lehen aldiz Ruandara

Aurrenekoz 1987an joan zen Iokin Otaegi (Azpeitia, 1930) misiolaria Ruandara. Erretiroa hartu arteko urte gehienak han igaro ditu. Horrela, bada, ondo ezagutzen du hango egoera eta 1994ko genozidioa. Kongoko Errepublika Demokratikoan gerra has daitekeela uste denean, bi gatazken oinarrian hutuen eta tutsien arteko gatazka dagoela dio. Rwanda, bihotz minez liburuan (Hiria, 2008) jaso ditu han bizitakoaren oroitzapenak eta beste.

Zorrak kitatzeko egindako liburua da, diozu. Zer zor zeneukan, bada?

Hona etorri nintzenean nahiko minduta nengoen. Hori dena hustu, garbitu eta baketu beharra nuen, barrena askatzeko beharra. Eta neure buruarekin nuen zorraz gain, hemendik hara joango litzatekeen jendeari zor diot hura deskribatzea. Hara joan eta bizitzea ez dela hain sinplea. Haien beraien psikologia daukate, eta oso konplikatua da. Ruandarren dialektika gurearekin konparatuta oso desberdina da.

Nola definituko zenuke gizartea?

Herri hori modernizatzean, gorbatadun basapiztia sortu zen. Basoko ohiturak dauzka, baina modernizazioak eta ikasketek trajea eta gorbata janztea eragin diote. Oraindik, lehengo pentsaera eta dialektikarekin jarraitzen du.

Zure inguruan hutuak eta tutsiak zeuden. Gerra hasi aurretik zer-nolako harremana zuten?

Ez dizute esaten zein den hutua eta zein tutsia, baina esaten dizute oso desberdinak direla. Eta ohartarazte dizute, Hara! Hitzezko borrokak izaten ditugu, baina tira urte osoa daramagu elkarrekin bizitzen eta ondo. Jakina, zu ez zara konturatzen beraien artean azpijokoak nondik doazen.

Zein izan zen borrokaren jatorria?

Gaur egungo joera ofizialak dio alderdikeria hori kolonialismoarekin sortu zela, eta ordura arte, nahiz eta oso desberdinak izan, hutuak eta tutsiak bakean bizi zirela. Alemanak joan zirenean, zientziarekiko zaletasuna oso handia zen. Zientziak sailkapena dakar, eta esan zuten han badaudela bi talde oso bereziak, eta beste bat pigmeoena. Orduan nortzuek gobernatzen zuten? Erregea tutsia zen, eta haren inguruan tutsiek osatutako gortea zuen, herritarren %85 hutua zen bitartean. Horiek mendietan bizi ziren lurra lantzen, eta erregearen zerbitzura. Orain esaten da gatazkak hor duela oinarria.

Zerk aldatu zuen egoera hori?

Herri bat, hutuena, %85 izan arren, tutsien mendean zegoen, nahiz eta entente onean bizi. Misiolariak etorri zirenean irekitako eskolek hutuen elitea hezi zuten. Haiek iraultza egin zuten. Erdiko mailako eskoletan hasi ziren eta hortik hedatu ziren. Garai hartan sortu zen lehenengo errepublika; independentzia lortu zuten. Hutuak gehiengoa ziren herrialdean, eta tutsi asko, erregea tartean, erbesteratu egin ziren.

Bi etnien arteko gatazka dela esan daiteke?

Denentzako lekurik eta jatekorik ez ez egoteak gaiztotu du elkarbizitza. Adibidez, bada mendixka bat. Duela ehun urte familia bat bizi zen han, 10-11 seme-alabekin. Ordutik hona mendi hori dena jendez bete da. Garai batean 20 pertsona bizi ziren lekuan orain 150 izango dira. Hutuek esaten dute tutsiak oso gaiztoak direla, eta, tira, beraien esperientzia hori da. Era berean, tutsiek, AEBetako laguntzarekin, asko behartu zuten egoera. Ruandan bakea lortzekotan zeudela, kasu, Burundiko armadako tutsiek demokratikoki aukeratutako presidente hutua hil zuten.

Liburuan zuk ezagutzen dituzun hamar lagunen soslaia egiten duzu. Hamarrak emakumeak dira. Zergatik?

Etorkizuna eraikitzeko prototipo egokiagoa iruditzen zait hango emakumeena, gizonezkoena baino. Zeinek darama familiaren ekonomia? Zeinek lantzen du soroa? Emakumeek. Gizonezkoek zer? Asko edan, ibili, kontu kontari aritu... Gizonezkoak ez du bere burua langiletzat eta familiaren bultzatzailetzat hartzen.

Nolakoa da emakume ruandarra?

Ez daki senarrari ezetz esaten. Familiaren indarra seme-alabak direla uste dute, lurra lantzeko balio dutelako. Zenbat eta seme-alaba gehiago izan, boteretsuagoa familia. Horregatik beraien moralean antisorgailuak eta ez dira onartzen. Sekulako arazoak daude horrekin eta hiesarekin.

Kale gorrian bizi diren umeak ere aipatzen dituzu. Zer etorkizun dute?

Oso fenomeno deigarria da, eta irtenbide okerrak ematen zaizkio. Delinkuentziarako joera dute. Gaixotasun askoren jabe dira. Gose dira. Agintearen ustez itxura zatarra ematen dute hirietan, eta kamioietan mendi aldera eramaten dituzte. Handik hiru egunen buruan itzuli egiten dira. GKEek pedagogia berri bat darabilte. Zentroak jartzen dizkiete non lo egin eta non sukaldatu izan dezaten. Bitarte horretan programa baten sartuko dituzte, euren oniritziarekin. Ikasi nahi duten hori irakasten zaie, dena delako lanbidea. Dena den, horrek ez ditu gutxituko.