75 urte behar denak elkartzeko

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 22a, 14:11

Azpeitiko Izarraitz Txoko elkartearen 75. urteurreneko ospakizunen baitan, gaur Elkarteen Arteko I. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute

Herriko zortzi elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte

Azpeitiko Izarraitz-Txoko elkarteak 75 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko Azpeitiko elkarteen arteko I. Mus Txapelketa azkarra antolatu du. Gaur jokatuko dute Izarraitz-Txoko elkartean bertan, 16:30etik aurrera. Herriko zortzi elkartetako ordezkariek hartuko dute parte txapela eskuratu nahian.

Ardo Egunean egindako patata tortilla dastaketaren ondoren, 75. urteurrena ospatzeko bigarren eta azken ekimena izango da hau.

Loturak estutzeko

Izarraitz-Txoko elkartea Azpeitian dauden 32 elkarteetatik zaharrena da. Aurten urte berezia izanik, "Azpeitiko elkarte guztien arteko loturak estutzeko" ekimenak antolatu nahi izan dituzte eta "ospakizunetan parte-hartzera gonbidatu" gainontzekoak.

Joan den urriaren 18an herriko plazan egin zen Ardo Egunean, elkarteek prestatutako patata tortillen dastaketa antolatu zuten. 34 tortilla aurkeztu omen zituzten eta "izugarrizko arrakasta izan zuen, 11:30ean atera et a 13:00etarako janda zeuden tortilla guztiak".

Tapizaren inguruan bildurik

Gaur ospakizun horien bigarren zatia izango da, Elkarteen arteko I. Mus Txapelketa azkarra.

Antolatzaileek esan dutenez, elkarte bakoitzetik bikote bana aurkeztu daiteke eta mementoz zortzi bikotek eman dute izena. Izarraitz-Txokoko bikoteaz aparte beste elkartetako zazpik: Arauntza, Gure Ametsa, Loiola-bide Zahar, ardozaleak, Ilunpe, Nuarbeko Nahi Genuena eta Zokoa.

Ordezkariak aukeratzeko barne txapelketa egin dute elkarte batzuek; beste batzuek, berriz, hitzez edo zozketaz aukeratu dute elkartea ordezkatuko duen bikote.

Dena dela, "espero baino partaide gutxiago izango dira gaurko txapelketan". Hala, hasiera batean izena hilaren 10a baino lehen eman behar bazen ere, azkenean gaur txapelketa hasi aurreko minutuak arte zabaldu dute epea. "Beti izaten da azken mementoan animatzen den norbait", eta gustura asko hartuko dute.