Klima aldaketak Urola ibaian eragin ditzakeen uholdeen kalte ekonomikoak azaldu dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 20a, 12:11
Ingurumen Saileko ordezkariak eta Urola ibaiaren arroko udalerrietako hainbat udal agintari.

Aldaketara moldatzeko neurriak hartuz gero, kalte ekonomikoak gutxienez %50 murrizteko liratekeela dio Jaurlaritzak

Ingurumen Saileko ordezkariak Urola ibaiaren arroko udalerrietako agintariekin bildu ziren atzo (asteazkena) Zumaian, tartean Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinekin

Klima aldaketaren ondorioz Urola ibaiaren arroan sor daitezkeen uholdeek eragingo lituzketen galera ekonomikoen inguruko ikerketa aurkeztu zuen atzo (asteazkena) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Ibon Galarragak.

Honek aurkeznean esan zuenez, klima aldaketaren ondorioetara moldatzeko neurriak hartu behar dira. Neurri horiek hartuz gero, "Urola ibaiaren arroko balizko uholde batek eragindako galera ekonomikoa gutxienez %50 saihestuko" litzatekeela azpimarratu zuen Ibon Galarragak aurkezpenean. Eta kasurik okerrenean, "galerak ia hiru aldiz arinagoak izango lirateke".

Ingurumen sailburuordearekin batera, ikerketaren txostenaren egile Nuria Osesek eta Euskadiko Klima Aldaketari Buruzko Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroko zuzendari Anil Markandyak hartu zuten parte ekitaldian.

Hiruko hau Urola ibaiaren arroko udalerrietako udal agintariekin elkartu zen aipatutako ikerketaren berri emateko, Zumaiako Algorri Natur Zentroan. Bertan izan ziren Azpeitiko alkate Iñaki Errazkin, Azkoitiko zinegotzi Mailu Badiola, Zarauzko alkate Jon Urien, Zestoako alkate Alazne Olaizola eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga; baita Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udal ordezkariak ere.

Klima aldaketaren eragina

Uholde batek 85 eta 91 mila euro inguruko kostua izango luke urtean. Gastu horri klima aldaketaren eragina gehituz gero, "Urola ibaiaren arroan uholde batek eragindako gastua %56,2 eta %177 artean handituko litzateke; hau da, urtean 133 eta 143 mila euro bitartean", azaldu zuen Galarragak.

Ondorio gisa, honakoa adierazi zuen sailburuordeak: "Gaur jardunda, klima aldaketak bihar eragin ditzaken kalte eta kostu handiagoak saihestu ditzakegu. Neurririk ez badugu hartzen, klima aldaketaren eraginak bat-batean jasateko arriskuan gaude, eta litekeena da ordaintzeko gai ez garen kalteak eta kostuak eragitea".