Nikolas Segurola: "Artzain bizitza oso egokia da fraidearentzat"

Berria 2008ko aza. 13a, 12:11

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio gaur Azpeitiko artzainari

Artzain Eskolako arduraduna da

Lizartzako txaboletan. Aloñaren magalean. Utx, utx, utx! Eta ardiak atzetik ditu. Haize fina dabil. Zerua urdin. Anboto agerian. Behorren zintzarriak aldameneko larrean. Utx, utx, utx! Eta ez diote huts egiten. Ezohiko fraidea da Nikolas Segurola, eta ezohiko artzaina. Gomiztegi baserrian bizi da, Arantzazuko Artzain Eskolan. Bertako arduraduna da. Arduradun lasai, umoretsu eta eskuzabala.

Gerra bukatu zen urtean jaio zinen, Matxinbentako baserri batean.

Bai, Mandubiaren pare-parean dago, 500 bat metrora, eta beste aldetik Zumaiako itsasoa bistan. Oso toki polita da. Izugarrizko elurra omen zen jaio nintzenean, eta gaizki ibili omen ziren bataiatzera eramateko; ni ez naiz akordatzen! Kanpaiak jotzen ari ziren, eta pentsatuko zuten niregatik zela, baina ez: Francorengatik zen, Madrilen sartu zen eta.

Etxetik daukazu lotura ardiekin?

Esan liteke ardi artean jaiotakoa naizela. Gurea azken baserria da mendia hasi aurretik, eta gu artzain beti han ibiltzen ginen; eskolatik bueltan ere bai, ardiak zaintzera mendira. Azkenengo joan nintzenean, hurrengo goizean etorri behar nintzen Arantzazura. Joan ginen bi lehengusu, hura bere ardiekin eta ni gureekin. 12 urte genituen biok. Ardiak azkenengo aldiz larratu nituenean, goitik behera bidali nituenean eta zintzarri hotsarekin barrenaldera bazihoazela, holako tristura bat etorri zitzaidan, eta negarrari eman nion! Eta lehengusuak: "Baina zergatik hasi zara negarrez?". "Ardiak uzteak ematen dit pena". "Ardiak izango dituzu berriz ere, Arantzazun ere han egongo dira". "Bai, baina haiek ez dira gureak izango!". Gero, gurasoak agurtzean ez dut uste negarrik egin nuenik. Ikasten egon nintzen pixka batean Arantzazun, eta gero berriz etorri nintzen, 20 urterekin.

Zer du ardiak horrela erakartzeko?

Ez dakit zer duen. Baina ni ondo akordatzen naiz nola sentitzen nuen ardienganako erakartasun hori ikasle garaian ere, Urbiako artzainak trashumantzia egin eta Bizkai aldetik igotzen zirenean, maiatzaren aurrenaldera. Ezin nintzen barruan egon ikasten. Leihora ateratzeko izugarrizko amorrua! Eta ateratzen baginen, ez ziguten uzten, kastigatu egiten gintuzten. Baina niretzat ez zegoen halako kontzerturik... artzain arduradun-buru egiten zuena behor baten gainean etortzen zen, eta ardiak berari jarraitzen zioten, bildotsekin, eta denak dunbala-dundala eta dunbala. Jo, ezin egon! Eta atzetik gazteak eta azkenengo etxekoandrea, zaldi baten gainean, eta ume txikiak. Txakurrak eta denak... zoragarria! Oraintxe ere gustura ikusiko nuke!

Zu Gomiztegira etorri zinenean, ardirik ez zegoen hemen, ala?

Ez, behiak. 1960an etorri nintzen, fraide izateko. Honaxe, Gomiztegi baserrira. Batzuek sukaldean sartu nahi ninduten, eta beste batzuek baserrian; bietan zegoen premia. Lehen-lehenengo lana baratzea jarri zidaten. Goizetan behiak-eta jezten lagundu, eta gero nire ardura zen baratzea. Eta ez neukan ideiarik ere! Ama-eta ikusiak nituen porru sartzen, baina...

Noiz jarri zenituzten ardiak?

Behiak, oilo eta txerri pila bat genituen. Bizimodu gogor samarra zen, baina gazteak ginen. Artean ere hezur bigunak! Eta nahiko ondo, baina etorri zen garai bat ezin zitekeena. Ikasleek alde egin zutenean, nahiko bakarrik geratu ginen, eta eguneroko esne horren hainbeste premia gabe. 1978-79an erabaki zen aldaketa egitea: teknikariak esan zigun larreko behiak jartzeko, kanpoan ibiltzekoak. Egun batean, nagusia eta biok Errioxara joan ginen, eta bidean esan zidan: "Eta ardiak jarriko bagenitu, zer?". Niri begiak zabaldu zitzaizkidan! Artean bi on neuzkan, gainera. "Joe, hori posible izango al litzateke?". Teknikariarekin hitz egin genuen, eta hark esan zigun: "Begira, ni ez nintzen atrebitzen zuei hori esaten, baina Gomiztegi ardientzat da!".

Gazta egiten orduan ikasi zenuen ala lehenagotik zenekien?

Gazta egiten ez dakit ikasi dudan sekula, baina hasi orduan egin nintzen. Etxean amari-eta ikusita -gazta orduan etxean emakumeek egiten zuten-, eta lagundu ere bai inoiz, ez oso zuzen beharbada baina... eta hemen hasi nintzen amak egiten zuena kopiatzen, inori esan gabe. Eta lehenengo atera zitzaizkidan gazta batzuk, txakurrek ere ez zituzten jaten! Zaborretara bota behar!

Orain, berriz...

Orain oso gazta ona egiten dugu, horren dudarik ez dago. Aitortu beharra dago, bestela umiltasun faltsua izango litzateke. Estimazio handia dauka: aurreko astean bertan 100 gazta atera ziren Ipar Ameriketara. Eta Errioxako etxe batek eraman zituen 1.600 gazta orain dela gutxi, Gabonetako saskiak egiteko hango ardoarekin eta hemengo gaztarekin.

Esaten duzunez, artzaina bokazioz da artzain. Fraide bokazioa ere baduzu. Bi bokazio, orduan?

Bai, batek ez du kentzen bestea. Pertsona bat mekanikari izan daiteke bokazioz; horrek ez du esan nahi ezkondua izan ez litekeenik, ezkontzeko bokazioa baldin badu. Eta fraide bizitzan lana egin behar da, eta artzain bizitza oso egokia da fraidearentzat. Zergatik? Artzaintza oso baztertua izan delako. San Frantzisko gure zaindariak, hain animalia zalea zenak, esaten zuen fraideek lana egin behar zutela, baina ez hainbeste diruarengatik, baizik eta langintza baztertuetan, besteekin berdin bizitzeko. Eta niri artzaintza gustatzen zitzaidan, eta, ez dakit suertez edo Jainkoaren graziaz, artzaintza nire gain erori zen. Behorrak zaintzen jardun beharko banu, behorrekin ibiliko nintzen, baina inoiz ez gustura!

Afizioz, berriz, bertsozale zaitugu.

Bai, txiki-txikitatik izugarrizko afizioa izan nuen bertsotara. Eta uste dut Arantzazura etortzean zerikusi pixka bat eduki zuela bertsolaritzak; ni mutikoa nintzela, bertsoak Arantzazu aldizkarian bakarrik irakurtzen ziren, gure etxean behintzat bai. Hilero Baxarrik eta Gesaltzako aitonak egundoko ika-mika zeukaten: Baxarri berrizalea zen, eta aitona gabardina janzten zutenengatik gaizki esaka ibiltzen zen.

Bertsozale eta bertsolari. Txapelketetan ere parte hartu izan duzu...

Ba, Oñatikoetan eta Arrasaten, eta... badauzkat txapel batzuk! Bi behintzat bai, oñatiarrek arrasatearrei desafioan irabazita. Eta epaimahaian ere egon nintzen, Lizaso txapeldun atera zen hartan eta. Nota gora atera behar genuen: bakoitzari zer nota ematen zenion herri guztiak jakin behar zuen. Guk zortzi bertsolari epaitu behar genituen, eta gu 8.000k epaituko gintuzten! Nahiko gogorra izan zen, eta ez naiz joan berriz. Niri gustatzen zait bertsolaritza mota bat, eta zaila da epaitzea, oso zaila... Nik ez nuke hasi nahi Iturriagari eta Elortzari -eta beste askori- nota ematen: ez nuke asmatuko! Askotan bertsoa bukatutakoan geratzen naiz: "Zer esan nahiko ote zuan!" (barreak).

Eta gai-jartzaile, zenbat urtean?

Pila bat. 25-30 urtean. Erabat horretara dedikatuta inoiz ere ez, baina larunbatean edo igandean tokatzen bazen, nire lagunei eskerrak... Haiek kastigatzen ziren ni ondo ibiltzeko! Ze hura esan liteke kapritxo bat zela, zaletasun bat. Hura ere kostatzen zen zerbait, baina gustura egiten den lanak ez du preziorik, ezta?

Eta orain, bertsolaritzarekin harremanik baduzu?

Beti fraide lagunen batekin, kantatzen, irakurtzen ere bai... Askotan entzuten ditut Joxe Agirreren bertsoak, eta garai horretako bertsolarienak. Ni bizikleta egiten ibiltzen naiz, estatikoa, eta bertsolarien zintak jartzen ditut.

Sasoian egoteko?

Berrogei bat minutu egiten ditut egunero. Eskerrak horri, bestela... (tripa seinalatu du). Kremailera ixten ez dakigu eta! (orain eskua ahora). Eta mugitu ere ez gara asko mugitzen... (barreak).

Irratian ere hitz egiten duzu: txisteak kontatzen dituzu...

Ostiral goizetan deitzen didate Euskadi Irratitik. Artzaintzari buruz hitz egingo zuen artzain bat nahi zuten, eta niri galdetu zidaten. Eta hor jarraitzen dut! Egun batean txiste bat kontatzea bururatu zitzaidan, jendea umore onez esnatzeko ona zela hori. Eta astean bat kontatzen dut.

Andreu Buenafuenteren programan ere izan zinen, La Sexta telebista katean. Nolatan, ba?

Nik eskatuta ez, e! (barreak). Eskola honek prentsa handia izan du beti. Deitu zidaten esanez nire berri irakurri zutela Público egunkarian, eta ea joango al nintzen. Oso ondo tratatuko nindutela. Esan nien beste batzuekin hitz egin behar nuela: "Dakizuen bezala fraidea ere banaiz, eta ez dakit gustatuko zaien...". Baietz iruditu zitzaien. Nik arrastorik ere ez neukan zer programa zen! Era guztietako iritziak jaso nituen: "Hik zer egin behar duk hor? Hori gazteentzako duk eta barre egiteko!". Joan nintzen, eta ondo. Baina pena ere bai, hemendik Bartzelonaraino joatea haiek nahi zutena esateko! Utzi izan balidate eskolari buruz pixka bat hitz egiten... Segituan mozten zuen. Programa horrelakoxea da. Han ez dizute esaten eskerrik asko ondo egin duzulako: "Eskerrik asko zure umorearengatik!". Egin nuen lanarekin ez nintzen oso gustura geratu. Ahariak ia airean bota zion telebistako pantaila, egundoko saltoa jota! Politena horixe izan zen! (barrez).

Bateko eta besteko, famatua zara!

Fama txarrekoa igual! (barrez). Beharbada hobe hain ezaguna ez banintz. Nik ezagutzen ditudanek ezagut nazatela, baina nik ezagutzen ez ditudanek ni ezagutzeak ez dit batere onik egiten.

"Artzaintza ez da aberasteko, baina bai ekintza aberatsa"

Artzain Eskola sortu zela 11 urte dira. 150 ikasle baino gehiago igaro dira handik. Duela gutxi hasi da aurtengo ikasturtea, 14 ikaslerekin: bederatzi euskaldun, katalan bat, beste bat Mexikokoa eta hiru txiletar.

Proiektu aitzindaria da: beste toki batzuetan ez da halakorik.

Inori ez zitzaion otu. Eta ez dakit guk egingo genukeen Eduardo Urarte izan ez balitz. Berari esker sortu zen eskola. Inaugurazio egunean, artegiari nire izena jarri ziotenean, esan nuen: "Ez dakit broman ibili diran edo egin duten jolas/ baina bataioa egiterakoan ez dira ibili ajolaz/ hor azaltzen dan izen horrek ez zuen azaldu behar inolaz/ hor Eduardo zan egokia ta sekula ez Nikolas".

Hasiera ez zen erraza izango...

Ez ba, hasieran ez zegoen dirurik! 1980an hasi zen aldaketa artzaintzan, euskal gobernuarekin: orduan sortu ziren probintzietako elkarteak. Ohituta geunden inolako diru laguntzarik gabe lana egiten, eta jendea animatu egin zen. Eskolaren ideia hala sortu zen. Tokia Arantzazu izan behar zela esan zuten: artaldea bagenuelako nahiko eredugarria, Oñati oso artzain tokia delako (artzain txakurren lehiaketa, Garoa artzain kutsuko lehen nobela)... Halako arrazoiak jarri zituzten, eta ni zoratzen! Justu garai hartantxe atera zen Mendikoi kooperatiba, eta bere kontu hartu zuen eskola. Zortzi ikasle bilatu genituen, eta gero etorri ziren bi txiletar. Eta urtebetera abian zegoen!

Lan tresna modernoak erabiltzeaz gainera, artzainen austoestimua lantzen duzue. Garrantzitsua da harro egotea egiten duten lanarekin?

Bai. Benetan beharrezkoa da harrotasun hori. Behin baino gehiagotan esaten diet: «Aberasteko asmotan ez zineten ba etorriko? Gustatuz gero, lanbide polita da, pozik ibiliko zarete eta bizitzeko hainbat aterako duzue». Artzaintza ez da aberasteko, baina bai ekintza oso aberatsa: naturarekin bizitzea delako. Arkume bat jaiotzean egundoko poza ematen du, nahiz eta gauerdian entzun marru hotsa. Batere nagirik gabe jaikitzen zara! Bizitza sortzeak-edo ematen duen poz hori. Ardiak familiako parte dira: bakoitzari bere izenarekin deitzen zaio.

Denen izenak dakizkizue?

Orain zenbakiak jarri zaizkie, zenbat esne ematen duten jakiteko; ordenagailuek ez dute izenekin lanik egiten! Berezitasun pixka bat galdu du. Baina familietan bai, normala da izenak erabiltzea: «Hankamotx gaixo dago» edo «Kixkur-i zakurrak hozka egin dio».

Artzain Mundua topaketak ere antolatzen dituzue. Beste toki batzuetako artzaintza ezagutzeko balio du?

Proiektu bikaina da. Hemengo artzaintza aberasteko ahalegina da, beti kultur mundu hori lantzea ahaztu gabe, mundu guztian. Toki askotan izan naiz hitzaldiak ematen: Malagan, Jaenen... Hango artzain batek esan zuen: "Euskaldunak gu baino gutxienez 20 urte aurrerago doaz!". Gustura entzun nuen nik!

Artzaina berez ezkorra dela diozu.

Izateko arrazoiak ere baditu. Ardia oso jazarria izan da: otso artean aguantatu zuen. Eta industria etorri zenean, beheko lurrik goxoenetatik bota zuten! Eta mendietan pinua sartzen hasi ziren tokirik onenetan, eta handik ere bota zuten. Gazteek pentsatu zuten ezin zitekeela artzaintzatik bizi. Etsita, industriara joan ziren. Hori ezkorra izatea bada...