Greba deialdiak erabateko jarraipena izan du Iraurgi Ikastetxean eta Ikasberri Ikastolan

Urola kostako Hitza 2008ko aza. 13a, 10:11

Eskoletako langileen baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoko langileekin parekatzeko eskatu dute

Urola Kostan 10 ikastetxetatik 6tan %100k egin du greba; guztietan %80k baino gehiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoan hitzartutako ikastetxeetako langileen gehiengoak greba egin zuen atzo. Lanuztearekin euren lan baldintzak sare publikoko langileen baldintzekin parekatzeko eta horretarako finantzaketa marko egokia onartzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek egindako deialdiak erabateko erantzuna izan zuen Urola Kostan, hitzartutako ikastetxe denek egin baitzuten greba: Azpeitian, Iraurgi Ikastetxeak eta Ikasberri Ikastolak; Azkoitian, Floreaga Sallestar Ikastetxeak; Orion, Herri Ikastolak; Zarautzen, Antoniano Ikastetxeak, Salbatore Mitxelena Ikastolak, Oteitza Lizeo Politeknikoak, Maria Inmaculadak eta La Sallek; eta Zumaian, Maria eta Jose Ikastetxeak.

LABeko eta ELAko ordezkariak pozik agertu ziren grebak eskualdean izan zuen jarraipenarekin. ELAko Urola Kostako Sektore Publikoko arduradun Mikel Intxaustik ikastetxeetako langileen erantzuna eta parte-hartzea "oso ona" izan zela azpimarratu zuen. LABeko Ikastoletako arduradun Lourdes Agirrezabal azpeitiarraren hitzetan, "hiru lurraldetako ikastolak eta ikastetxe erlijiosoak kontuan hartuta, %80 inguruk egin du greba. Eta erakundeen aldetik erantzunik ez badugu, hau hasiera baino ez da izango".

Bi autobus Bilbora

Grebarekin batera, manifestazioa egin zuten atzo eguerdian Bilbon, Lan baldintzak hobetzeko finantziazioa orain lelopean. Eskualdetik bi autobus abiatu ziren Bilbora. Autobus batek Orio eta Zarautz aldeko langileak jaso zituen eta besteak, Zumaiakoak, Azpeitikoak eta Azkoitikoak .

Oro har, lan baldintzak hiru ardatz nagusitan hobetzeko eskatzen dute irakasleek eta langileek. Batetik, hitzartutako irakaskuntzako langile guztien soldatak irakaskuntza publikoko langileen soldatekin homologatzea. Bestetik, irakasle edo zaintzaile bakoitzari zenbat ume dagozkion zehaztea. Kasu honetan, sindikatuek ez dute sare publikoarekin parekatzeko eskatzen, gaur egun duten markoa hobetzea baizik; izan ere, 1992an adostu zuten marko hori eta harrezkero ez dute aldatu. Azkenik, mantenuko eta zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzen dute.

Jaurlaritzarekin bildu ezinik

Eusko Jaurlaritzak ez dituela sindikatuen proposamenak "entzun ere egin" azaldu du LABeko ordezkariak: "Maiatzean eta irailean bilera bat eskatu genien gure nahiak azaltzeko, baina ez dugu erantzunik jaso. Urrian elkarretaratzea egin genuen Lakua aurrean eta, bide batez, bulegoetara sartu ginen bilera egiteko hitzordua hartzera. Bertan, beraiek titularrekin bakarrik biltzen zirela esan ziguten, ez langileekin. Dena dela, egoera aztertuko zutela eta astebetera deituko zigutela adierazi ziguten. Baina ez da hala izan. Ondorioz, kalera ateratzea erabaki dugu".