Joxean Agirre: "Umorea batzuetan oso gertu dago tristuratik"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 7a, 10:11
Joxean Agirre.

La lutte finale izeneko eleberria kaleratu du

"Zahartzaroaren atarian" dauden bi gizonezkoren bizipen eta gogoetak hartu ditu ardatz nagusitzat idazleak

La lutte finale liburua aurkeztu zuen atzo (osteguna) Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949). Narratzailea beren bizimodutik "oso gertu" ikusten du Zarautzen bizi den idazle eta kazetariak. Denboraren joana eta zahartzaroaren ataria ditu hizpide nobela "sailkaezin" honetan.

Liburua aurkezterakoan, behin baino gehiagotan aipatu duzu denbora hartzen dela bertan hizpide. Nondik heldu diozu gaiari?

Hirurogei urteren bueltan dauden bi gizon dira protagonistak. Zahartzaroaren atarian daude eta beraien gogoetak egiten dituzte datorkien gainbehera fisiko eta sexual horretaz. Dena den, nobelaren originaltasuna ez dago hor, mundu guztiak idatzi duelako denborari buruz. Nobelak izan dezakeen meritua planteamenduan dago: oso nortasun arrunta daukan gizon ordezkagarri bat da; parkean edo merkatalgunean dagoenean beste pertsona batzuekin nahasten dute eta hortik sortzen diren nahasmen-istorioak dira liburuaren ardatza.

Beraz, alde batetik istorio errealista bat dago, baina gizon ordezkagarri horren kontuak ukitu absurdoa ematen al dio liburuari?

Pertsona arruntak garela uste dugunontzat ez da ezer absurdoa; planteamendua berria da, baina ez absurdoa. Batez ere maitasun istorioetan uste dut beti izaten dugula inpresioa ea besteren batekin nahastu ote gaituen bikoteak, espero duenagatik edo bilatzen duenagatik. Ez dut uste ezer fantastikoa denik kontu hori.

Eleberri "sailkaezina" dela ere esan duzu. Zergatik?

Nobela arraroa da, zatika idatzitakoa. Zati bakoitzak bere autonomiatxoa dauka, baina lotura errezak dituzte beraien artean. Hori esan didate irakurri dutenek. Editoreak-eta kultuzko lana dela esan dutenean, literatura arraroa irakurtzen dutenei asko gustatuko zaiela esan nahi zuten. Irudipena daukat gutxiengoarentzako literatura dela; hala ere, aurreko nobela baino (Romain zen bere izena) askoz ere errazagoa da.

Hirurogeiko hamarkadaren amaieran gazteak zirenen belaunaldiari erretratua egiteko, nobela laburregi gelditu zaizula aipatu duzu. Penatan gelditu al zara?

Bai, erretratu hori erdizka gelditu da. Saiakera estilokoa izango balitz, belaunaldia aztertuko litzateke zehaztasunekin, baina nobela bat izaterakoan kontua zaildu egiten da. Zerbaiti heldu behar nion eta garai hartako xehetasun bakarra hartu dut: alderdi politikoen baitan biltzen zen informazioari. Nobela honekin aipatutako belaunaldi horri omenaldia egiten zaiola esatea, gehiegizkoa iruditzen zait. Keinu batzuk badaude, baina besterik gabe.

Zu belaunaldi horretakoa izanda, nola bizi izan duzu orduko amets haiek izan duten gainbehera?

Belaunaldi hartan, batzuk asko jarri zuten eta beste batzuek gutxiago eman genuen. Nik irudipena daukat literatura soilik sakrifikatu nuela; aldaketa handiak zetozen eta luxutzat hartzen nuen literatura. 30-40 urtera arte ez nuen literatura ez irakurri ezta idatzi ere. Nik zaletasun hori sakrifikatu nuen, baina ez dut uste izugarri handia denik. Marxismoari buruzko liburuak adina literatura irakurri izan banu, honezkero klasiko ugari izango nituen buruan. Konbentzituta geunden aldaketak oso azkar etorriko zirela.

Eta izenburuak dioen lutte finale edo aldaketak zekartzan azken borroka handi hura ez zen etorri...

Borroka hura amaitu egin zen. Marxismoak gaur egun unibertsitatetan du arrakasta, baina gizartean ez.

Liburura itzuliz, umore ukitua dauka etengabe istorioak. Baina zure hitzetan, "umore tristea".

Umorea batzuetan oso gertu dago tristuratik. Zahartzaroa eta denborak dakarren gainbehera hori ikusteko modua da umorearena. Neuk hala ikusten dudalako izango da, dramarako batere joerarik ez dudalako. Badaude gazte batek ulertzen ez dituen kontuak, eta zahar batek bai. Naturak berak badu lege bat eta gauzak onartzera zaramatza, zahartzaroa bera onartzera. Bere buruaz beste egiten duenak ez du onartzen, baina gehiengoak bai. Lege misteriotsu bat da.

Joseba jaka bekaren bidez argitaratua

Elkar Fundazioak ematen duen Joseba Jaka beka lortu zuen Agirrek iaz La lutte finale liburuaren proiektuarekin. Beka hau lortzen duen bigarren aldia izan zen iazkoa, 2003an ere Romain zen bere izena liburuarekin laguntza bera lortu baitzuen. "Zalantzak nituen, idazle bera errepikatu ez zedin arauak izango zituztela pentsatzen bainuen. Behin irabazi baldin baduzu, normala izaten da berriz ez ematea. Baina proiektua nahiko salgarria eta ideia polita zen, eta azkenean bidali egin nuen. Beka eman zidatela jakitean, ezusteko ona jaso nuen. Oso sistema ona da nobela bat idazteko. Bi urte dituzu, bizpahiru hilabetetik behin dirua sartzen dizute, eta prozesu hori kontrolatzen baduzu, egina dago. Oso ondo pasatu dut".

Berria-k ere Joxean Agirreri buruzko erreportajea egin du. (Irakurri)